"Inor ez dago ekitaldien antolakuntzan haren auzoko kaleei eta plazei bizitza emateko ez bada". Jai Batzordeen atzean azpi-asmorik ez dagoela argi eta garbi utzi dute iruñerriko 11 Jai Batzordeetako edota Kultura Elkarteetako kideek, UPNk jasotzen dituzten diru laguntzen kontrako helegitea aurkeztu eta gero. "Parte hartzea eta bizilagunen sozializazioa" bilatzen dituztela da nabarmendu dutena.
Eta, hala, iragan urteetan UPNk berak ezarritako trabak gogoratu dituzte, orduan "auzokideen eta denda txikien laguntzarekin" egiten zuten aurrera.
UPNren salaketa faltsua
"Diru laguntza bikoitzak" kobratu dituztela da Enrique Mayaren taldeak salatu duena, Jai Batzordeetako parte hartzaileek, ordea, kritikatu dute UPNk ongi dakiela hori gezurra dela: "Hau faltsua dela argitu nahi dugu, eta haiek ere badakitela, izan ere, Herritarren Parte Hartzeko Sailetik jasotzen dugun diruak ez du zerikusirik Cultura Sailarekin sinatu dugun hitzarmenarekin". Era horretan, Herritarren Parte Hartzeko Sailetik Olentzero jaia, inauteriak, Errege Magoen kabalkada eta gisako festak antolatzen dituzte; Kultura Saileko hitzarmenaren bidez, aldiz, azpiegitura kontuak, komunak eta hesiak esaterako, diru hori, gainera, udalak berak kudeatzen du.
Jaien jazarpenari ez
Festak "babestuak eta ez jazarriak" izateko eskatu dute Jai Batzordeek, "UPNren garaian gertatu gisan", ez izateko "isunduak eta esetsiak".