Euskal presoen eskubideen urraketarekin amaitzeko ordua dela esan dute gizarte zibilaren ehun ordezkarik

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 29a, 12:10

Argazkia: 'Prest gaude' manifestua sinatu duten gizarte zibilaren ordezkariak.

"Sakabanaketarekin amaitzeko, larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eta salbuespen legedia uzteko" eskatu dute, eta urtarrilaren 13an Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginen den manifestaziora joateko deia zabaldu.

Prest gaude manifestuarekin bat egin dute Nafarroako gizarte zibileko ehun lagunek  -Julio Soto bertsolaria, Oinatz Bengoetxea pilotaria, Bakartxo Ruiz parlamentaria, Amaia Izko abokatua eta Zuriñe Hidalgo abeslaria, besteak beste-, dispertsioaren amaiera, preso gaixoen etxeratzea eta salbuespen neurrien amaiera eskatzeko. Horrez gainera, urtarrilaren 13an euskal presoen eskubideen alde Bilbon eginen den manifestaziora joateko deia zabaldu dute. 

Bakearen bidean "aurrera egiteko" gizarte zibilak duen "garrantzia" azpimarratu dute manifestuaren bitartez, armagabetzea bakearen artisauen bidez posible izan zela eta haiek izan direla Frantziako arduradun politikoekin eta judizialekin biltzea lortu dutenak. 

Jendarte zibil aktiboa

Manifestuaren sinatzaileek adierazi dute "txalogarria" direla "urrats horiek": "Gatazka honen sufrimendu eta eskubide urraketekin amaitzeko, gizarte zibila aktibo izatea beharrelakoa dela sinesten dugu", adierazi du Julio Soto bertsolariak, sinatzaileen ordezkari gisa -harekin batera izan dira Emilio Altable, 23 urte preso daramatzan Txuma Altableren anaia; Ana Fernandez, dispertsioak eraildako Sara Fernandezen ahizpa; Nerea Makuso, Gorka Fraileren senidea; eta Ilazki, motxiladun umea-.

"Gizarte zibil aktiboa" lortzea posible dela deritzote: "Jendarte honek elkarrekin aurrera egin nahi duelako, horrenbeste sufrimendu eragiten duten ezohiko neurriekin amaitzeko prest dagoelako, eta azken batean, konponbidearen eta bakearen bidean pausoak emateko presta dagoen gizartea garelako".

Espainiako estatuak, borondaterik ez

Espainiako estatuak konponbide prozesua martxan jartzeko "borondaterik" izan ez duen arren, Nafarroako jendartea "eskubide urraketen kontra" azaldu dela azpimarratu dute. "Ez dugu atzerapausorik emanen. Prest gaude! Dispertsioarekin berehalakoan amaitu behar da, larriki gaixo dauden presoak haien etxeetan egon behar dira, salbuespen legedia amaitu behar da. Bide honetan, datorren urtarrilaren 13an zuekin guztiokin, Bilboko kaleak bete nahi ditugu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!