Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren 12. edizioa 2018ko martxoaren 5etik 10era bitartean egingo da. Garbiñe Ortega izango da lehen aldiz lehiaketaren zuzendari artistikoa, iazko apirilean hautatua izan ondoren.
Punto de Vistaren 2018ko programazioa Baluarten garatuko da, eta benetakoaren inguruan lan egiten duten artisten eta hizkuntzen arteko gurutzatzea jorratuko da, DOKBIZIA izeneko atal berriaren bitartez. Jaialdiak atzerabegirakoa eta argitalpena eskainiko dio zinemagileen arteko korrespondentziari, eta hurbileko ingurunera gerturatuko da, Planetarioa eta Gaiarre Antzokia bezalako espazioetan jarduerak antolatuko baititu.
Garbiñe Ortegak, zuzendari artistiko berriak, eta haren taldeak Atal Ofiziala osatuko duten pelikulak hautatuko dituzte. Datorren edizio honetarako, 867 obra inskribatu dira. Horrez gain, jaialdiak palmaresko sari tradizionalak bere horretan mantenduko ditu: Punto de Vista Sari Nagusia Pelikula Onenarentzat, Jean Vigo Saria Zuzendaritza Onenarentzat, Film Labur Onenaren Saria, Publikoaren Sari Berezia eta Gazteriaren Saria.
Garbiñe Ortegak aurkeztuko duen jaialdiak hitzorduaren mamia sakonduko du abangoardiako dokumentalarekin: "nortasun misto eta hibrido handia duten proposamenen hausnarketarako eta erakusketarako lekua. Programazioak aniztasunaren eta heterogeneotasunaren aldeko apustua egin nahi du, hiru balio aldarrikatuaz: bizia dena, hibridoa dena eta arrunta dena. Era horretan, programazioan, atal ofiziala, atzerabegirakoa eta saio bereziak ez ezik, bestelako proposamen artistiko eta formatuetarako espazio garrantzitsuak ere izango dira; hala nola, hitzaldi performatiboak, pieza eszenikoak eta site-specific delakoak. Horietan, ikusmen-artistak, koreografoak, filosofoak eta zinemagileak bilduko dira erreala denaren formez (ber)pentsatzeko orainaren konplexutasunetik".
Urtean zazpi egunetan, Iruña zinema dokumentalaren gune bilakatzen da. Mundu osoko produkzioak lehiatzen dira errealitatea ikuspegi independentetik eta beharrezkotik eskuratzeko forma ezberdinekin. Modu horretan, atal ofiziala zinema ez fikzio garaikideko estilo eta erregistro mota guztietara irekita geratzen da. Aurreko denboraldiko onena jasotzen duen hitzordu zinematografiko nagusia egutegian, etorkizuneko apustu interesgarrienetariko batzuk ateratzen dituen aldi berean.
Lehiaketaren izpirituaren asmoa da deitutako zinemagileak pelikula bakoitzarekin jada egindako bideetatik haratago joaten saiatzea eta konpromiso etiko argiarekin egitea. Epaimahaiak kalitatea, orijinaltasuna eta, batez ere, gaitasuna aintzat hartuko ditu, Jean Vigok esaten zuen moduan, "begiak irekitzeko eta itxuretatik haratago ikusten laguntzeko".
DOKBIZIA: diziplina arteko topaketa benetakoaren inguruan
DOKBIZIA topaketak benetakoaren inguruan lan egiten duten artisten eta hizkuntzen arteko gurutzatzea eragin nahi du. Punto de Vistaren atal berriak urtero gai nagusi bat izango du; 2018ko edizioan, esate baterako, "DADME, PUES, UN CUERPO" azpititulua du, programazioa eraikitzeko erabiliko den premisa kontzeptuala. Dokumentala pantailaren barruan eta pantailatik kanpo kontuan hartzen duen programan honako hauek bezalako zinemagileak, ikusmen-artistak, filosofoak eta performers-ak izango dira: Trinh T. Minh-ha, Carlos Casas, Esperanza Collado, Idoia Zabaleta edo Nicolás Pereda, besteak beste.
Planetarioan egingo diren saioak
Aurten, Jaialdia haurrengana ere iritsiko da, eta Punto de Vistaren zenbait saio berezi Iruñeko Planetarioan egingo dira.
Jaialdia hasi aurreko asteburuan, familientzako bi saio egingo dira Planetarioan, animazio-piezekin eta pieza zientifikoekin, lehiaketa familiengana hurbiltzearren.
Korrespondentziak zikloa: gutunak bezalako pelikulak
Ziklo honetan, korrespondentziaren ideiari eta gutunaren dimentsio goxo eta sekretuenari helduko zaio, lehen pertsonan, benetako trukea edo irudimenezkoa islatzen duten pelikulen zikloa eraikitzeko, beste behin ere garai guztietako eta normalean elkarrekin bizi izan ez diren zinemagileen artean. Gutun pelikulak, oharrak, postalak, erretratuak,… honako zinemagile handi eta hain ezberdinen miniaturen zikloa: Lumière anaiak, Dziga Vertov, Jonas Mekas, Helga Fanderl, Robert Fenz, Ute Aurand edo Jorge Honik.
2018 Liburua, Korrespondentziak: pelikulak bezalako gutunak
Korrespondentziak zikloaren inguruan, liburu bat argitaratuko da; bertan, proposatzen da bi zinemagilearen artean idatzitako gutunak —bidaliak izan ala ez— zinemaren historia ez lineala ezagutzeko modu pribilegiatua ez ezik, benetako historia ere izan daitekeela, garai eta leku ezberdinetako maila eta estratuek osatua.
Francisco Algarínek eta Garbiñe Ortegak argitaratu dute liburua, eta honela azaldu dute: “liburua pelikula bat muntatzen den bezalaxe eraiki da; alegia, zenbait bloke garatuta ideien, materien eta formen inguruan, era horretan alegiazko elkarrizketak, orain arte ezin susmatuzko harremanak, printzipio aldagarriak edo elkarren ondoan atsegin diren materialak alboan kokatuta eraikitako talka dialektikoak sortu ahal izatearren”.
Ortegak ondorengoa adierazi du: "korrespondentzia zentzu irekian ulertzen dugu, kontuan hartuaz kasu askotan gutun batek balitekeela erantzunik ez jasotzea, hori ez zela inoiz bere amaiera izan. Ez dugu nahi, ezta ere, bereizketarik egitea sormen-prozesuen eta zinemagileen bizitza pribatuaren artean, hemen interesatzen zaizkigun sortzaileen obran gauza bat eta bestea gauza bera dela onartzen baitugu".
Honako hauek bezalako zinemagileen gutunak argitaratuko dira: Jean Vigo, Joris Ivens, Chick Strand, George Franju, Stan Brakhage edo Marguerite Duras.
Atal Ofizialean parte hartzeko izena emandako pelikulak
Punto de Vistan, guztira 867 pelikula inskribatu dira, film luze eta film labur dokumentalen artean, eta 63 herrialdetakoak dira.
Obrak aurkezteko epea irailaren 15ean itxi zen. Hautapen Batzordea lanean ari da Punto de Vistaren 2018ko Atal Ofiziala osatuko duten 18 izenburu erabakitzeko. Hautatutako pelikulen berri urtarrilean emango da.
Zuzendari artistiko berria
Garbiñe Ortegaren lan kuratoriala nazioarteko honako hauek bezalako instituzioetan erakutsi da: Lincoln Center-eko Film Society (NY), Tate Modern (Londres), Vienako Film Museum, Pacific Film Archive, National Gallery of Art (Washington) edo Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroa. Ambulante Zinemaldiko programazioaren baterako zuzendaria izan zen, eta Euskal Herrian garatutako Zineleku ikus-entzunezko heziketa eta erakusketa proiektuaren baterako sortzailea da.
Hautapen Batzorde berria
Nuria Cubas, Matías Piñeiro eta María Palaciosek osatzen dute.
Nuria Cubasek zinema eta literatura ikasi ditu Madrilen. 2004an, Mexikoko Hirira joango da zinema-ikasketak sakontzera. 2013. urtean, "Pasajes de Cine" proiektua abian jarriko du, ikus-entzunezko hedapenerako espazioa Madrilen. 2015ean, berriz, FILMADRID sortu eta zuzenduko du; hau da, Madrilgo Nazioarteko Zinema Jaialdia. Gaur egun, Madrilgo Neomudejar Aretoko programatzailea da.
Matías Piñeirok Zinema Unibertsitatean ikasiko du, eta, bertan, Zinematografia eta Zinemaren Historia irakatsiko ditu. 2011. urtean, Estatu Batuetara joango da Harvard Unibertsitateko Radcliffe beka egitera. Haren filmografian, ondorengoak aurki ditzakegu: "El hombre Robado" (2007), "Todos mienten" (2009), "Rosalinda" (2010), "Viola" (2012), “La Princesa de Francia” (2014) eta "Hermia & Helena" (2016). Gaur egun, New Yorken bizi da, eta Zinema irakaslea da Pratt Institute-ean.
María Palacios komisarioa, idazlea eta akademiko espezializatua da abangoardiako zineman. Gaur egun, LUXen zuzendariordea da, Londresen; hots, artisten ikus-entzunezko praktikak babesten dituen erakundearena. Horrez gain, Courtisane Jaialdiaren zuzendaria izan zen Ganten, Belgikan. Proiekzioen, ekitaldien eta erakusketen komisarioa izan da makina bat jaialdi eta instituziotan; tartean, Tate Britain (London), Union Docs (New York), Cinematek (Brussels), Centre Pompidou (Paris) eta M HKA (Antwerp). The Visible Press-en baterako sortzailea da, zinemagileen eta zinemagileei buruzko idatziak argitaratzen dituen argitaletxea Londresen. Gaur egun, Elías Querejeta zinema-eskolako komisario-arloaren arduraduna da.
Aurrehautaketa Aitor Gametxok egin du, zinemagilea eta muntatzailea. Egun, Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, egiten du lan koordinatzaile eta programatzaile gisa zinemarekin zerikusia duten proiektuetan: REC: Zinema esperimentala, ZOOM, Pantaila Esperimentala eta Kamaleoriak Gara! Zinean.
Nazioarteko ordezkariak
Nazioarteko ordezkari lanetan honako hauek arituko dira: Andrea Lissoni, Londresko Tate Modern instituzioko zinema eta bideo departamentuko senior komisarioa eta Vdrome-ren baterako sortzailea eta komisarioa, artistek egindako zinema erakusteko online plataformarena; Jed Rapfogel, egun, Anthology Film Archives-en programazio-zuzendaria, New York-en (Jonas Mekas-ek sortutako instituzioa); eta Chizuru Usui, Film National Center of Japan-eko komisario-laguntzailea eta Asiako zinemaren sustatzailea.
Kartela eta haren autorea
Punto de Vistaren 2018ko kartela ilustratzen duen irudia Dani Sanchis-en "Maris Posan" izenekoa da, eta ikuspegi berriaren aldeko apustua egiten du, logotipoaren, web orrialdearen edo katalogoaren diseinuaren berrikuntzan kokatzearekin batera. XII. edizioan, Punto de Vistaren kartelak collage bat aurkezten du, eta, antzinako teknika izan arren, estiloak eta formak modu oso askean nahasteko ideia modernoa erakusten du, irudiaren esku-hartze erradikalaren eta horrek adierazten duenaren ideia.
Boluntarioak eta Epaimahai gaztea
Punto de Vistak XII. ediziorako boluntarioak eta epaimahai gaztea eskuratzeko kanpainak hasiko ditu. Bi kanpainak bihar, azaroak 24, jarriko dira abian, eta 2018ko otsailaren 12ra bitarte irekita egongo dira. Interesatuta dauden pertsonek Punto de Vistaren web orrialdeko esteka honetan eman dezakete izena. Bestalde, Epaimahai gaztea bezala parte hartu nahi dutenek ere esteka honetan izena eman dezakete.