Salestarren eraikinetarako "bestelako aukerak" aztertu daitezela eskatu du Kultura Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 8a, 08:59

Mendetako zeru-lerro hori desagertzeko arriskuan dagoela uste dute, aurreikusitako lau dorreek betiko hondatuko dutelako. "Jakina da hiriak aldatu egiten direla, baina,  erabat ezagun bihurtzen duten leku edo paisaia jakin horiek errespetatuz egin behar dira aldaketa horiek".

Prozedura administratibo batean aurreikusten da Lanbide Heziketako Salestarren Eskola lekuz aldatzean hirigunean libre geldituko den lursailean 13 eta 17 solairu bitarteko lau dorre eraikiko direla; hori dela eta, Nafarroako Kultura Kontseiluak bere desadostasuna eta aurkaritza adierazi nahi du jarduera hori egun planteatzen den bezala gauzatu nahi izanez gero.


Iruñeko hiri-paisaia historikoak, zorionez, badu azken mendeetan ia aldatu ez den panoramika bat, gorde diren XVIII. mendeko bidaiarien marrazkiei begira ikus daitekeenez; iparraldetik edo Magdalenako baratzeetatik gatozenean gaur egun ere hiriak eskaintzen digun ikuspegi bera. Izan ere, hiriko ikuspegi ikonikoenetako bat da, belaunaldiz belaunaldi ia artista guztiek margotu, fotografiatu edo filmatu baitute beharbada haren paisaiarik ederrena dena.


Mendetako zeru-lerro hori desagertzeko arriskuan dago, aurreikusitako lau dorreek betiko hondatuko dutelako. Jakina da hiriak aldatu egiten direla, baina, gure ustez, hiri bat besteetatik bereizten duten, eta, batez ere, han bizi izan direnentzat, bizi direnentzat eta biziko direnentzat erabat ezagun bihurtzen duten leku edo paisaia jakin horiek errespetatuz egin behar dira aldaketa horiek.


Arestian, Iruñeko hiri-paisaia historikoa aipatu dugu. Jende guztiak jakin dezan gutxi gorabehera zertaz ari garen, 2011/11/10eko Hiri paisaia historikoari buruzko UNESCOren Gomendioa jarriko dugu mahai gainean; han, honela definitzen da hiri-paisaia historikoa: balio eta ezaugarri kultural eta naturalen estratifikazio historikoaren ondorioz sortzen den hiri-eremua; hura “multzo” edo “gune historiko”aren noziotik harago doa eta hiri-testuinguru orokorra eta haren ingurune geografikoa hartzen ditu barne.


Testuinguru orokor horrek lekuaren beste ezaugarri batzuk biltzen ditu: batez ere, hango topografia, geomorfologia, hidrologia eta ezaugarri naturalak; haren ingurune urbanizatua, bai historikoa, bai garaikidea; hango azpiegiturak, gainazalean daudenak nahiz lur azpikoak; hango eremu irekiak eta lorategiak; lurzoruaren erabileren konfigurazioa eta espazio-antolamendua; ikus-pertzepzioak eta -harremanak, eta hiri-egituraren gainerako elementuak. Horiez gain, honako hauek ere hartzen ditu barne: ohitura eta balio sozial eta kulturalak, prozesu ekonomikoak, eta aniztasunarekin eta nortasunarekin lotutako ondarearen alderdi immaterialak.


Hitzaurrean, gainera, esaten du hiri-multzo historikoak gure kultura-ondareen adierazpen askotarikoen eta ugarienetakoak direla, belaunaldiz belaunaldi sortuak direla eta giza generoak denboran eta espazioan zehar izandako zeregin eta nahien lekuko direla. Halaber, bizirik dauden hiriei izaera dinamikoa aitortzen die. Ohartarazten du, hala ere, garapen azkar eta, askotan, kontrolik gabeak hirieremuak eta haien inguruneak transformatzen dituela; horrek hiri-ondasuna puskatu eta kaltetu dezakeela, eta, horren ondorioz, komunitate-balioetan
eragin sakona izan dezakeela mundu guztian. Horregatik, haren esanetan, natura- eta kultura-ondarea babesteko azpimarratu behar da toki-garapenerako eta hiri-planifikaziorako prozesuetan beharrezkoa dela multzo historikoen kontserbazio-, kudeaketa- eta ordenazioestrategiak integratzea, baita arkitektura garaikidearekin eta azpiegituren
sortze-prozesuekin lotutakoak ere, eta paisaia-planteamendu bat aplikatzeak lagunduko luke hiri-nortasunari eusten. Azkenik, gomendio horretan jasotakoaren arabera, garapen
iraunkorraren printzipioak existitzen diren baliabideak gordetzea dakar, eta hiriondarearen
babesa eta haren kudeaketa iraunkorra nahitaezko baldintzak dira garapenerako.

Orobat, Paisaiaren Europako Hitzarmenak (Florentzia, 2000) --Espainiak
berretsia eta 2008z gero nahitaez betebeharrekoa-- lurralde bakoitzaren
administrazio eta eragileei eskatzen die beharrezkoak diren neurriak ezartzeko
paisaiaren babes juridikoa eraginkorra izan dadin. Azken batean: Paisaiaren
politika egin behar da.


Carlos V.a Enperadoreak ikusi zuenean Kordobako meskitaren erdian
katedral plateresko bat eraiki zela, honela esan omen zuen erabat lur jota:
“Jakin izan banu zer egin nahi zenuten, inongo zalantzarik gabe ez nizuen
baimenik eman izanen; izan ere, hemen egin duzuena edozein lekutan aurkitu
daiteke, baina lehenago zenutena ez dago munduan beste inon”.
Inguruko auzoetan dagoeneko dauden dorreak bezal-bezalakoak direnak
eraikitzeak, hain zuzen ere, eragin hori lortuko du: beste edozein lekutan
dagoen gauza bera egitea hor bakarrik existitzen den pasaia bat hondatzeko,
katedral gotikoaren eragin bisuala, adibidez, gaindituko baitute. Eta ez du
atzera bueltarik izanen.


Horrez gain, jasota utzi nahi dugu dorreek hartuko luketen eremu horrek
eta haren inguruneak garrantzi kultural ukaezina dutela baldin eta Esanahi
kulturaleko lekuetarako ICOMES Australiaren Gutunak- Burrako Gutunak
ematen duen definizioa aintzat hartzen badugu; izan ere, leku batek lehengo,
oraingo eta etorkizuneko belaunaldietarako duen balio estetiko, historiko eta
soziala edo espirituala, besteak beste, jotzen du garrantzi kulturaltzat eta hori
leku horretan bertan agertzen da adierazita modu fisikoan.


Arrazoi horiengatik guztiengatik eskatu nahi dugu paisaia historiko eta
kultural hori babesteko neurriak har daitezela; hauxe da gure gomendioa: beste
aukera batzuk aintzat hartzea eta hirigintzari dagokionez ingurunea eta hiriaren
historia hobeki errespetatzen duten erabakien alde egitea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!