Euskalerria irratiak 29 urte egin ditu gaur

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 7a, 08:23

FMko 91.4tik FMko98.3ra pasa zen Euskalerria Irratia lizentzia ofizialarekin batera.

>1988ko azaroaren 7an zabaldu zituen lehenengoz euskarazko uhinak FMko 91.4an.
>27 urte izan da Iruñerriko irratia lizentzia ofizialik gabe eta horrek eragindako zailtasunak gaindituta aurrera egin du entzuleen, kolaboratzaileen eta bazkideen babesari esker.
>2015ean jaso zuen emisio lizentzia ofiziala Nafarroako Gobernuak banatzen dituen frekuentzien artetik bat eskuratuta.

>BIDALI EZAZU ZORION MEZUA: 608918996 zenbakira bidal dezakezu whatsapa!

Gaurko egunez duela 29 urte entzun ziren lehenengoz euskarazko hotsak Euskalerria Irratian. 1988ko azaroaren 7an Iruñerrian zabaltzen hasi zen euskarazko irratiaren esana. Proba moduan hasieran eta lizentzia ofizialik gabe 27 urtez bere bidea jorratu zuen euskarazko irratiak. Ofizialki alegaltasunean izan bada ere urte luzez beti izan ditu ehunka kolaboratzaile, babesle, lagun, bazkide eta entzule fidel. Horrekin lortu du zailtasunak gainditu eta urteotan guztiotan euskarazko informazioa, entretenimendua eta konpainia uhinen bidez zabaltzea. 

Euskara uhinen bidez zabaltzen

Iruñeko Komunikabideak S.A enpresak sortu zuen, eta badu Euskalerria Irratia Elkartea deritzan bazkide sare bat laguntzaile. 1988ko azaroaren 7an egin zituen lehendabiziko emankizunak. Zuzendaria Mikel Bujanda izan da hasieratik, eta gaur egun 12 pertsonak osatzen dute lantaldea, haien artean Reyes Ilintxeta, Juan Kruz Lakasta, Txari Eleta, Pello Argiñarena, Amaia Lasa. Maialen Huarte, Igor Eskudero, Saioa Alkaiza, Joseba Ripa eta Maite Elizagaraik. 

Urte askoz, nahiz eta sarritan eskatu, esleipenak eskaini izan ziren guztietan, Nafarroako Gobernuak ez zion emititzeko lizentzia ofizialik eman, eta hori dela kausa irratiak egoera irregularrean aritu behar izan du 27 urtez. Irrati profesionala izateko bidean horrek eragozpen eta traba ugari ekarri dizkio. Enpresa kudeatzaileak auzitara jo izan du lizentzia esleitzeko lehiaketetan Euskalerria Irratiari lizentzia iruzur bidez ezkutatu zaiolakoan.

2010ean, Erreniega gainean zuen antena Nafarroako Gobernuak kenarazi zion, hegazkinen hegalaldietako komunikazioetan interferentziak sortzen zituelako argudioa baliatuz. Urte berean, 30.000 euro batzen zuten hiru isun jarri zizkion administrazioak, baimenik gabe emititzeagatik.

2012an, hirugarrenez Europako Kontseiluak baieztatu zuen, besteak beste, Nafarroan den euskal irrati baten beharra, Euskalerria Irratia izaki aukerarik egokiena. Azaroaren 7an Atarrabian egindako galan 25. urte hastea ospatu zuen, euskaltzale, bazkide, kolaboratzaile eta abarren babesa jasoz. Aukera on izeneko kanpaina udaberrian abiatu izanik, 100en bat bazkide berri lortu zituen urte horretan eta guztira 1.000 bazkide batu ziren.

2015eko abuztuaren 28an jakinarazi zuen Nafarroako Gobernu osatu berriak Euskalerria Irratiak irabazi zuela puntuazio bidez emititzeko lizentzietako bat. 1997ko lizentzien esleipenari jarritako helegite baten emaitza izan zen, euskarazko hedabideri arrazoi eman eta azkenik lizentzietako bat zegokiola onartu zuelarik. Aldaketaren gobernuak iragarri arren, UPNren garaian osatutako kontratazio mahaiak banatu zituen lizentzia horiek. 

Gizartean erroturiko proiektua

Iruñeko Komunikabideak SA enpresa da Euskalerria Irratiaren editorea. Nolanahi ere, Euskalerria Irratiaren proeiktua gizartean ongi erroturiko proiektua da. Euskalerria Irratia Elkarteak 1.000 bazkide inguru ditu, irratia laguntzen dutenak, diruz zein gogoz.

Hamabi kideko lan talde profesionalak gidatzen du irratiaren programazioa, informazioa eta entretenimendua uztartuz. Baina 100dik gora kolaboratzailek –kazetariak, idazleak, era guztietako profesionalak–programazioa osatzen laguntzen digute, musu truk.

Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek –8.000 entzule, CIESen arabera– emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren.

Epaileek foru Gobernuaren jokaera bidegabea salatu izan dute –auzibideek zabalik segitzen dute–. Eta Nafarroako Parlamentua, Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Europako Batzordea gure egoera legala konpontzearen alde azaldu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!