Arreko ur-depositu berriak Ezkabarteri eta Atarrabiari zerbitzu emanen die

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 2a, 20:11

Depositoaren barnealdea

Miravallesen kokatuta dago eta 10.000 m3-ko edukiera du.

 

Arreko ur-depositu berriak herri horri eta Ezkabarten kokatuta dauden beste hiru herriri (Orikain, Sorauren eta Azoz) eta Atarrabiari emanen die zerbitzua. Miravallesen kokatuta, 10.000 m3-ko edukiera du.

Aurreikusita dago etorkizunean Olaitz, Olabe, Enderitz (Olaibar) eta Eusari (Ezkabarte) ere hornitzea eta Egillorreko (Ollo) ur-hornidurako lerro orokorrarekin lotzea Makirriaingo (Ezkabarte) deposituaren bidez. Hornidura guztia beteta dagoenean, deposituak 20.000 pertsona ingururi emango die zerbitzua.

Azpiegitura hori gaur goizean inauguratu da, eta ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko zuzendari nagusi Xabi Lasak; Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Ayesak eta Ezkabarteko alkate Pedro Lezaunek.

Depositu berriaren ezaugarriak

Azpiegitura berriak hormigoi armatuko egitura du, oinplano laukizuzena du eta bi ontzi simetriko ditu: guztira, 10.000 m3ko edukiera osoa (aurrekoak baino 2.000 gehiago). Ur-garaiera 7 m da eta betetzeko muga 497 m. Instalazioak mailak eta emaria neurtzeko teleaginte eta telekontrol sistema du. Horrez gain, ontziei atxikita, hormigoi armatuko giltza-ganbera ere badu.

Obra 12 hiletan egin da eta aurrekontu osoa 2.765.409 eurokoa izan da. Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuaren tokiko inbertsio planaren barruan dago, eta 1.212.923 euroko diru-laguntza eman du. Lanak Obrascon Huarte Lain SA enpresak egin ditu, Iruñerriko Zerbitzuen obra-zuzendaritzarekin.

Depositu berri honek leku berean 2015. urtera arte egon zena ordezkatuko du. Aurretik zegoenak egiturazko huts bat izan zuen, eta hornidura eten ez bazen ere, berehala gaitu baitzen Miravallesko depositutik etorritako ordezko sare bat, handik metro gutxitara, Arren ere bai. Huts horren arrazoiak aztertuta, geratzen zen egitura eraitsi zuten eta hondakinak kendu zituzten.

Geroago, egindako plangintza-azterketetan oinarrituz, eskualdeko hornidura-sarerako beste depositu bat eraikitzea komenigarria zela egiaztatu zuten, leku berean, goiburu gisa. Leku horretatik, hornitzeko ahalmen handiagoarekin, hornidura iparralderantz (Olaibar ibarra) eta mendebalderantz, Ezkabarteko gainerako ibarrerantz handitzeko aukera emango zuen.

Depositu berriaren ura, aurrekoarekin gertatzen zen moduan, Eugiko urmaeletik dator, Urtasungo edateko ura tratatzeko estazioan araztu ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!