Jarduerak denentzat irekiak dira; besteak beste argazki-erakusketa bat, hitzaldiak, mahai-inguru bat, lantegiak eta eztabaidak. Kondestablearen jauregian eta Caldereriako erabilera anitzeko aretoan eginen dira, eta bi kontzertu Garazi tabernan.
Transkolorek (trans pertsonen eta lagunen Nafarroako elkartea), Kattalingorri, Chrysallis eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean, jarduera hauek antolatu ditu Iruñean, gaitzat hartuta Trans Despatologizaziorako Nazioarteko Eguna, urriaren 21ean ospatzen dena.
Kontuan harturik munduan egin diren azken azterketak*, pertsona transexualen kopurua hauxe da: 500dik 1 eta 1.000tik 1; tarte horretan dago. Horrek esan nahi du Nafarroan 640 eta 1.280 tartean egonen litzatekeela. Azterketa batzuek are kopuru handiagoa ematen dute: 200dik 1. Datuak zenbat eta berriagoak izan, handiagoa da trans pertsonen ratioa. Horrek erakusten du nola onarpen sozial handiagoa izanda errealitate hau ikusgarriagoa bihurtzen den.
Jardunaldi hauetan, hainbat motatako trans pertsonei emanen zaie ahotsa, eta, hala, kolektiboaren dibertsitatea erakutsiko da. Solasaldien bidez, genero-estereotipoak hautsiko dira eraikuntza identitarioei dagokienez, ikusiko da zer erlazio duten pertsonek beren gorputzarekin, eta, Chrysallis elkartearekin batera, konturatuko gara bizipen desberdinak izan direla egokitu zaigun garai historikoaren arabera.
Trans pertsonek osasunaren arloan dituzten beharrak lantzeko, urriaren 26an mahai-inguru bat eginen da, eta hartan parte hartuko dute Rosa Almirall eta Luis Gabilondo doktoreek. Rosa Almirall Trànsit-eko zuzendaria da (Trans personen arretarako Kataluniako zerbitzua), eta bere modelo arrakastatsua azalduko digu, despatologizazioan oinarritua dagoena. Bestalde, Luis Gabilondo da Nafarroako Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, eta azalduko digu nola ari den garatzen trans pertsonentzako osasun zerbitzua, bat datorrena LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako Foru Lege berriarekin. Zerbitzu horretan jasoko da generoaren autodeterminazioa, eta ez da onartuko transexualitatea gaixotasun gisa diagnostikatzea.
Arteari dagokionez, Viruta eta Alicia Ramos artisten kontzertuez gain, urriaren 19tik azaroaren 11ra 'Eraikuntza identitarioak. Work in progress' erakusketa izanen da Kondestablearen jauregiko lehen solairuan. Mar C. Llop argazkilariaren lana da. Egilearen testuak eta irudietako pertsonen lekukotzak ditu, eta euskaraz ere ikusiko da, Alberto Barandiaranek itzuli baitu berariaz Iruñeko jardunaldi hauetarako.
Transkolore Nafarroako elkarte bat da, trans pertsonek eta lagunek osatua. 2016. urtean jaio zen, despatologizazioa aldarrikatzeko eta trans pertsonen ikusgarritasuna sustatzeko, jendartean integra daitezen, dibertsitatearen zati diren aldetik. Hitzaldiak ematen ditu eta ekitaldiak antolatzen, helburu horiek lortzeko. Elkarri Laguntzeko Taldea dauka, eta gune segurua eskaintzen du, berdinen arteko komunikazioa izateko. LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako Foru Lege berria lantzen lagundu du. Trans pertsonen errealitatearekin zerikusia duten zenbait mahaitan parte hartzen du.
URRITRANS JARDUNALDIAK
Urriaren 18a
Urritrans jardunaldien inaugurazioa, eta Nafarroan trans pertsonek duten egoerari buruzko diagnostikoa
Transkolore, Chrysallis Euskal Herria eta Kattalingorri
19:00etan Caldereriako erabilera anitzeko aretoan
Urriaren 19a
Zineforuma: Tomboy
18:30ean Harroturen lokalean
Urriaren 20a
Trans solasaldiak: ‘Eraikuntza identitarioak: generoarekin bueltaka’
19:00etan Caldereriako erabilera anitzeko aretoan
Virutaren kontzertua
21:30ean Garazi tabernan
Urriaren 21a
Kontzentrazioa: ‘Trans patologizazioari stop mundu guztian’
13:00etan Udaletxeko plazan
Urriaren 23a
Lantegia: Maskulinitate berriak
19:00etan Kondestablearen jauregian
Urriaren 24a
Lantegia: Feminismoak eta trans identitateak
19:00etan Kondestablearen jauregian
Urriaren 25a
‘Trans belaunaldiak’
Transkolore & Chrysallis Euskal Herria
19:00etan Caldereriako erabilera anitzeko aretoan
Urriaren 26a
‘Trans pertsonen osasuna: begirada transpositiboa’
Rosa Almirall, Trànsit-eko zuzendaria (Kataluniako trans pertsonen arretarako zerbitzua), eta Luis Gabilondo, Nafarroako Osasuneko zuzendari nagusia
18:00etan Kondestablearen jauregian
Urriaren 27a
Trans solasaldiak: ‘Eraikuntza identitarioak: gorputzarekiko erlazioa’
19:00etan Caldereriako erabilera anitzeko aretoan
Alicia Ramosen kontzertua eta Urritrans jardunaldien itxiera
21:30ean Garazi tabernan
Urriaren 19tik azaroaren 11ra
Erakusketa: ‘Eraikuntza identitarioak. Work in progress’, Mar C. Llop egilearena
Kondestablearen jauregiko lehen solairuan
Antolatzaileak:
Transkolore
Kattalingorri
Laguntzailea:
Iruñeko Udala