Heldu den astelehenetik aurrera aldaketak, billabesen zerbitzuan

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 29a, 08:22

Maiztasun handiagoa, geltoki eta linea berriak, Alde Zaharra hiritarrei hurbiltzeko.

Hurrengo astelehenean, irailak 4, martxan jarriko dira Eskualdeko Hiri Garraioko ibilbide berriak, hiriko Udalak sustatutako Iruñeko hirigunea atsegin egiteko planean aurreikusi diren zirkulazio aldaketekin bat eginez. 

Beste alde batetik, astelehenetik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioan neguko ordutegia izango da berriro. Hartara, udaren ondoren eta Iruñerrian ikasturte akademikoa hastearekin batera, eskaera berrietara egokituko da zerbitzua.

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, hedabideei aurkeztu dizkie aurreikusitako aldaketak. Aurkezpen ekitaldian, erakundeko Garraio Arloko zuzendaria, Jesús Velasco, eta Komunikazio Arloko zuzendaria, Arturo Ruiz de Azagra, izan dira berarekin. 

Ayesak nabarmendu du aurreikusitako aldaketak jarduketa garrantzitsu eta handinahia direla, eta Iruñeko Udalarekin koordinatuta gauzatu direla. Hain zuzen, aldaketek hiru helburu hauek dituzte: garraio zerbitzua hirigunera hurbiltzea, eraginkortasuna hobetzea eta mugikortasuneko beste bitarteko batzuekiko bizikidetza sustatzea.

LINEAK, ALDE ZAHARRETIK GERTUAGO

Jesús Velascok zehatz-mehatz azaldu ditu garraio zerbitzuaren aldaketa nagusiak. Astelehenean abiaraziko diren aldaketen artean, adierazgarrienetako bat izango da Eskualdeko Hiri Garraioko hiru linea garrantzitsuenak Alde Zaharrera gerturatuko direla: 4., 9. eta 12. lineak, hain zuzen. Horrez gain, Zizur Nagusirako eta Erripagañarako zerbitzuak zabalduko dira, eta linea berri bat sortuko da, L22 linea, Lezkairuko Zalduari zerbitzua emateko.

Jakina denez, Iruñeko hiriguneko zirkulazioan egingo diren aldaketek bereziki eragingo diote Lehen Zabalguneari. Aldaketa garrantzitsuenetako batek Tres Reyes hoteleko biribilgunearen eta Bake plazaren artean (Navas de Tolosa eta Yanguas y Miranda kaleak) dagoen zatiari eragingo dio, astelehenetik aurrera billabesek, bizikletek eta baimena dute ibilgailuek baino ezin izango baitute erabili. 

Eskualdeko Hiri Garraioari dagokionez, Iruñeko hirigunean egingo diren hobekuntzek berdindu egingo dituzte atsegin egiteko planak ibilgailu partikularren erabilerarako dakartzan murrizketak. Zehazki, planaren xedea da hiriguneko zirkulaziotik egunero 15.000 ibilgailu kentzea gutxienez.

Astelehenetik aurrera, hiru geraleku berri jarriko dira martxan Navas de Tolosa kalean: bat Nafarroako Parlamentuaren ondoan, Chinchilla Jeneralaren kalearen kantoian, eta bi Tres Reyes hoteleko birilgunearekin duen gurutzegunean, kalearen bi aldeetan. Hartara, Sarasate pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren parean, jada badagoenarekin batera, erraztuko dute 4. linea (Barañain – Atarrabia), 9. linea (Renfe – Unibertsitate Publikoa), 12. linea (Ermitagaña – Mendillorri) eta 16. linea erabiltzea (Aitzoain – Noain – Beriain). Lehen hiru linea horiek, 4.ak, 9.ak eta 12.ak, ibilbideak hirigunera gerturatuko dituzte, Armada etorbidean ibiltzeari utzita. 

Beste aldaketa bat izango da Bake plazan autobusek lehentasuna izango dutela semaforoetan, eta, hartara, Yanguas y Miranda kaletik Oliveto Kondearen etorbidera biratuko direla. Beste alde batetik, Hiri Garraioa eta bizikletak ibili ahal izateko, Paulino Caballero kaletik Nafarroa Behereko etorbiderako sarbide zuzena zabalduko da. Horrek saihestuko du Merindadeen plazan bira egin behar izatea eta hiri garraioko ibilbideen iraupena murriztuko du.

EGH-KO ALDAKETAK, LINEAZ LINEA 

Eskualdeko Hiri Garraioan egingo diren eta astelehenean abiaraziko diren aldaketa nagusiak lotura honetan kontsultatu ahal dira. Horrez gain, jarraian dagoen zerrendan, lotura bat egokitu da linea bakoitzean, dagokion informazioa behera kargatu ahal izateko (PDF formatuan):

Atarrabiarako noranzkoan: ibilbide berria, Navas de Tolosa eta Yanguas y Miranda kaleetatik. Geralekuak berriro kokatuko dira.

Barañainerako noranzkoan. Ibilbide berria, Oliveto Kondearen etorbidetik, Yanguas y Miranda eta Navas de Tolosa kaleetatik. Geralekuak berriro kokatuko dira.

NUPerako noranzkoan. Ibilbide berria, Navas de Tolosa eta Yanguas y Miranda kaleetatik. Geralekuak berriro kokatuko dira.

RENFErako noranzkoan. Ibilbide berria, Oliveto Kondearen etorbidetik, Yanguas y Miranda eta Navas de Tolosa kaleetatik. Gurutzatze zuzena Paulino Caballero kaletik. Geraleku berria Nafarroa Behereko etorbidearen 9.ean (Merindadeen plazako geralekua ordeztuko du). Geralekuak berriro kokatuko dira Taxoare kalean.

Belosorako noranzkoan: Baiona etorbideko geralekua baliogabetuko da (Irurita Apezpikuaren plazaren ondoan).

Orkoienerako noranzkoan. Ibilbide berria San Ignazio etorbidetik eta Sarasate pasealekutik. Geralekuak berriro kokatuko dira.

Halaber, astelehenetik aurrera, martxan jarriko da 22. linea berria (Merindadeen plaza – Lezkairu). 30 minutuko maiztasuna izango du lanegun eta larunbatetan, eta Lezkairu berriari emango dio zerbitzua. Linea hau martxan jartzeak berekin ekarriko du Lezkairuko Zaldu zaharreko geralekuak kentzea.

Amaitzeko, Arturo Ruiz de Azagrak adierazi du informazio plana aurreikusitako aldaketen konplexutasunaren maila berean egongo dela, hartara, erabiltzaileek ezagutu ahal izateko eragiten dieten aldaketak. Prentsa-tartekoen bidez zabaldutako informazioaz gain, EHGko langileak eta Mankomunitateko Herritarren Arretarako Zerbitzua egongo dira beren agindura.

Linea guztien gaineko informazio zehatza autobusetan, markesinetan eta Eskualdeko Hiri Garraioko webgunean (www.infotuc.es) kontsultatu ahal da. 

Erlazionatuak

Garraio publikoaren aldaketen kronika

Euskalerria Irratia 2017 abu 29 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!