'Amaiur. Azken gaztelua' erakusketak 16.500 bisitatik gora izan ditu

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 20a, 08:01
Argazkia: Xabier Morras artistak erakusketarako egindako lana.

Otsailaren 4 arte luzatu du Iruñeko Udalak erakusketa, arrakasta ikusirik.

Amaiur. Azken gaztelua - El último castillo erakusketa otsailaren 4ra arte izango da ikusgai, hasiera batean aurreikusitakoa baino astebete gehiago. Kultur proposamen honek izandako arrakastak bultzatuta hartu da erabakia. Izan ere, hamaika astetan 16.500 bisitaritik gora izan ditu, eta Udalaren erakusketa-aretoetan antolatu direnetatik erakusketarik bisitatuena bihurtu da. Orain arte, merezimendu hori zuen erakusketa Maite Hernández Mateo, Clemente Bernad, Daniel Ochoa de Olza eta Cristina Núñez Baquedano argazkilarien Versus zen. 2016ko ekainaren 15etik irailaren 5era 12.850 bisitari izan zituen. 2015ean, Pedro Armestreren Pasioak hartaratuak 11.527 bisita izan zituen, uztailaren 2tik irailaren 5era. Hirugarren postuan da orain.

Erakusketa horiek guztiak Kondestablearen jauregian egin dira. Hiriaren erdialdean dagoenez, kopuru hobeak izan ohi ditu. Azpiegitura honetatik kanpo, bisitari gehien izan dituen erakusketa Abel Azcona artistaren Desenterrados izenekoa da. 2015. urte amaieran 8.000 lagun inguru bildu zituen Erorien monumentu ohiko aretoan. Erakusketa horiek guztiak azken urte eta erdian programatu dira Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorraren helburuei jarraiki, hots, kalitatea, gertutasuna, berrikuntza, elkarlana eta ardura, programatzeko orduan.

Amaiur. Azken gaztelua - El último castillo ikusi duten 16.500etik gora horietatik, 1.097 lagunek erakusketa bisita gidatuen bidez ezagutu zuten. Jarduera hau Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean antolatu da.

Erakusketaren edukiek ibilbide bat egiten dute, gotorlekuaren jatorritik hasi eta izandako bilakaeran barna. Orubean 1922an jarri zen monolitoaren materialak erakusten dira, eta garai ezberdinetako objektuak biltzen dira, izan gazteluarekin zerikusia dutenak, izan eraikinean inspiratutako lan artistikoak. Hiru arlotan eta hiru gunetan egituratuta dago: Oroimena, ezkaratzean; Artea, erdiko patioan; eta Arkeologia, areto gotikoan. Hauxe da bisita-ordutegia: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Bisita gidatua erakusketara eta Amaiurko herrira

Ohiko bisita gidatuez gain, Iruñeko Udalak Amaiurko herria ezagutzeko bisita bat antolatu du, urtarrilaren 21ean, larunbatarekin. 09:00etan hasiko da, Kondestablearen jauregian, eta erakusketa ikusi ondoren, partaideak autobusez joango dira Amaiurreraino, non gazteluaren arkeologia-aztarnategia ezagutuko duten. Bisita amaitutakoan, Amaiurko Errotako errotarrietan ehotutako irinarekin egindako taloak dastatuko dituzte. Mokadua hartu bitartean, taloak tradizionalki nola egin izan diren azalduko da. Bisita euskaraz zein gaztelaniaz izango da, urtarrilaren 14rako aurreikusita zegoen gaztelaniazko bisita atzeratu baitzen, elur-alerta zela-eta.

Izen-emateak 20 euro balio du (autobusa eta dastaketa barne), eta edozein Civivoxetan  egin daiteke, Udalaren www.pamplona.es webgunean, (nabarmendutako loturen arteko “Civivoxetako ikastaroak” atalean) eta Herritarrendako Arreta Zerbitzuko 010 telefonoan (948420100 mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Jarduera 14:30ean amaituko da, gutxi gorabehera.

Ezkaratza, historiaren lekuko; patioa, artelanen kokaleku

Oroimenari eskainitako gunea Kondestablearen jauregiaren ezkaratzean paratu da. Gune horren ardatza ideia jakin bat izan da, alegia, gizarteak gaur egun Amaiurri buruz duen pertzepzioa 1522tik aurrerako belaunaldiek –zeinek ez zituzten gertakariok bizi izan– osatu dituzten ikuspegi eta iritzi desberdinek eraiki dutela

Lehen informazio-panelaren alboan gazteluaren ate gotortuaren erreprodukzioa dago, tamaina errealean, gaur egun Arraiozko Jauregizarrea dorretxean dagoena. Arangurengo Lantegi Eskolako ikasleek egin dute, Juan Mari Martinez Txoperena zaharberritzailearen zuzendaritzapean: eskuz landutako antzinako haritzekoa du arima, eta burdin forjatuzko xafladuna kanpoaldea. 300 kilo inguru pisatzen du, eta bisitariak gonbidatu nahi ditu historiaren ateak zabaltzera. Gune honetan monolitoaren inaugurazioa (1922) eta eztanda (1931) gogoratzen dira. Halaber, bitrina batean Amaiurri buruz idatziriko agiriak eta sortutako era guztietako objektuak bildu dira: liburuak, aldizkariak, egunkariak, , pegatinak, maketak, ikus-entzunezkoak, giltzatakoak, puzzleak, oroigarriak eta beste.

Horrez gain, ezkaratzean gazteluaren bizitzako pertsonaia eta une garrantzitsuak jasotzen dituzten 16 panel paratu dira. Horien artean daude, esaterako: ‘Pedro Mártir Anglería. 1526’, ‘Diego Ramírez de Ávalos de la Piscina, kronista.1534’, ‘Esteban de Garibay, kronista. 1628’, ‘Moret eta Alesón, kronistak.1891’, ‘Juan Iturralde y Suit, historialaria.1923’, ‘Arturo Campión, historialari eta politikaria. 1900’, ‘Pedro de Navascués. Lehen monografia. 1922’, ‘Serapio Esparza, arkitektoa.1922’, ‘Monolitoaren inaugurazioa.1922’, ‘Victor Pradera Larunbe. Politikari tradizionalista.1922’, ‘Esteban Urkiaga, olerkaria.1935’, ‘Julio Altadill, gazteluen ikertzailea. 1935’, ‘Lekurik ez oroimenerako. 1931 - 1982’, ‘Jon Etxaide, idazlea. Antzezlana. 1953’, ‘José María Jimeno Jurio, historialaria. 1982’ eta ‘Monolitoaren berrinaugurazioa. 1982’.

Bestalde, Kondestablearen jauregiko patioan paratu da Artea gunea, eta bertan margolan, eskultura, argazki, marrazki eta ilustrazioen bilduma bat, zenbait artistek eginak, non monumentuaren historia eta artisten sentimendu subjektiboak uztartu diren.

Arkeologia-piezak Areto Gotikoan

Azkenik, Kondestablearen jauregiko sotoan dagoen Areto Gotikoan hamar urtetako indusketetan berreskuratutako arkeologia-pieza garrantzitsuenak jarri dira ikusgai; leku hori bilatu da propio, orain arte zeuden lur azpia irudikatzeko asmoz. Pieza horiek dagozkien aldi historikoen testuinguruan kokatu dira, panel, eskema, agiri historiko eta argazkien laguntzaz.

Bost ataletan antolatu dira bertako edukiak. Baztango haitza - La peña de Baztan atalak gaztelua inguratzen duen geografia fisiko eta gizatiarrean kokatzen ditu bisitariak. Bidearen zaindaria - Protector del camino izenekoak, berriz, Erdi Aroa jorratzen du, eta gazteluaren jatorrira daramatza bisitariak: haren eraikuntza-lanak, Koroarekin zuen harremana, eta eguneroko bizitza Erdi Aroko gazteluetan. Hirugarren atala Erresistentzia - La resistencia deitzen da, eta gaztelua mugarri historiko bihurtu zenekoa kontatzen du: batetik, Amaiurren izandako guduekin loturiko piezak, eta bestetik Erdi Arokotik Errenazimenduko gaztelurako bilakaeraren ingurukoak. Harrobia - La cantera da laugarren atala, eta gogora dakarkigu gaztelua harrobi gisa erabili izan zela urtetan, eta Aro Modernoan eta XX. mendean izan duen bilakaera kontatzen du. Amaitzeko, Harria – Herria izeneko bosgarren atalean Amaiurren ikerlan arkeologikoa erakusten da, eta abentura zientifiko horretan baliatutako teknika eta metodoak azaltzen dira.

Indusketetan aurkitutako objektuen artean, badira ezpata bat, musugitarra bat (Erdi Aroko musika-instrumentua), gazteluaren setioan erabilitako era guztietako munizioa, edo soldadu setiatuek jandako animalien hezurrak. Halaber, bisitariek gazteluko biztanleen eguneroko bizitzako objektuak ikusten ahalko dituzte (esaterako, uraskatik ura ateratzeko kuboa), bai eta soldaduek guardia-orduetan landutako pieza txikiak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!