Euskara eskakizunik ez zegoelako bertan behera, Zizurko Udaleko lantaldearen egitura

Euskara eskakizunik ez zegoelako bertan behera, Zizurko Udaleko lantaldearen egitura

Auzitegiak gogora ekarri du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin harremanak euskaraz izateko, eta, beraz, instituzioek zaindu behar dutela herritarrei kasu egiten dieten langileak hizkuntza horretan aritzea.

Auzitegiak gogora ekarri du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin harremanak euskaraz izateko. Horregatik, instituzioek zaindu behar dute herritarrei kasu egiten dieten langileak hizkuntza horretan aritzea, euskaraz alegia. Erreniega udal taldeak helegitea jarri zion urte hasieran Zizurko Udalak onartutako lantaldearen egiturari: euskarari buruzko hizkuntza eskakizunik ez zuten postu horiek. Eskatu zuen gutxienez idazkariak, herritarrei kasu egiteko bulegoko langile batek, aguazilak eta kultur koordinatzaileak euskaraz jakitea, eta gainerako postuetan meritu gisa hartzea euskararen ezagutza. Alkatetzak erantzun zuen ez zela beharrezkoa eskakizunak jartzea, lan eskaintzarik egiteko asmorik ez zuelako.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du ontzat jo udalaren argudio hori, eta erabat babestu du helegitea jarri zuen taldearen irizpidea. "Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna sinatua du Espainiak, eta, beraz, bete beharrekoa da, arau juridikoa da".

Egoera hori izanik, Zizurko Udalak lanpostu bakoitza aztertu behar duela nabarmendu du auzitegiak: "Ez dago zalantzarik nahitaezkoa dela Zizurko Udalak lantalde organikoan azaltzea zein postutan den euskara nahitaezkoa, zeinetan hartuko den meritu gisa edo ez den eskatu behar, eta adierazi behar du postu batzuetan zein ezagutza maila behar den".