Larunbatean manifestazioa Iruñean, Miren Peñaren heriotza salatzeko

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 23a, 10:47
Argazkia: @enekoibar

Peñak bere buruaz beste egin zuen larunbatean. Hipotekak Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak zein LAB sindikatuak salatu dutenez, hipotekarekin zituen arazoak zirela kausa. Gaurtik eta larunbatera arte hainbat protesta eginen dituzte.

Miren Peñaren heriotzak haserre handia eta protesta ugari eragin ditu sare sozialetan. Horiek karriketara iritsiko dira datozen orduotan. Larunbatean, hilaren 28arekin, Iruñean manifestazioa eginen dute Gurutze plazatik abiaturik.

Nolanahi ere, beste protesta asko eginen dituzte. Llehen elkarretaratzea gaur eguerdiko 12:00etan izanen da, Buztintxuriko Laboral Kutxaren bulegoaren aitzinean. Bigarrena, bihar, hilaren 24arekin, 19:00etan Antsoaingo Udaletxearen aurrean. Asteazkenean, martxoak 25, goizeko 10:00etan eginen dute elkarretaratzea Orkoiengo Udaletxearen parean. Ordu eta laurden geroago, 11:15ean, protesta Faurecia enpresaren Orkoiengo lantegian eginen dute.

Ostiralean jakinarazi zioten ez ziotela hipoteka birnegoziatuko

Miren Peñak 43 urte zituen, 20 urteko alaba zuen, antsoaindarra zen baina Artikako bere etxean bizi zen. LAB sindikatuko afiliatua zen, eta PAHren laguntza jasotzen ari zen. Sindikatuak eta plataformak jakinarazi dutenez, Faurecia enpresaren Orkoiengo lantegian egiten zuen lan, 2013an kaleratu zuten arte. Langabezia saria agortu zitzaiolarik, ezin izan zion hipotekari aurre egin. Hori horrela, PAHri laguntza eskatu zion, eta haien abokatuen laguntzaz Laboral Kutxari bere zorra birnegoziatzeko aukera planteatu zion, ekintza onen kodearen karietara. Iragan ostiralean Laboral Kutxak halakorik ez zuela eginen jakinarazi zion, gutun erregistratu (zertifikatu) baten bitartez. Larunbatean, bere buruaz beste egin zuen.

PAH-ko Mikel Otazuk Gara-ri azaldu dionez, Laboral Kutxak ez zuen ekintza onen kodea indarrean jarri Peñak ez zuelako baldintzetako bat betetzen, "arazo burkoratiko batengatik". Gaur ziren joatekoak berriro Laboral Kutxara Peña eta PAH-ko ordezkariak. "Iraganean Laboral Kutxak egindakoa ikusita, litekeena zen zorraren birnegoziatzea onartzea, eta Peñak hilean 80 euro ordaindu ahal izatea". Baina Peñalk ezin izan du presioa jasan.

PAH: "Ez da suizidioa baizik eta erailketa"

Otazuk SER irrati katean salatu duenez, “ez da suizidioa izan baizik eta erailketa, eta Miren bankuen eta erakundeen politika bidegabeen biktima bat da”. Otazuk gaineratu duenez, “Mirenek lan egin nahi zuen, baina bota zuten; berak hipoteka ordaindu nahi zuen, baina ito dute”. Otazuk, bestalde, azaldu du gaur, astelehenarekin, Laboral Kutxara berriro joateko asmoa zutela, negoziatzen ahalegintzeko.

LAB sindikatuak ohar baten bidez bere egin ditu PAHren balorazioa. Eta gaineratu du Laboral Kutxa Peñaren heriotzaren “erantzule zuzena” dela. Halaber, gogor salatu du 2013an Faureciak Peña eta beste hamar langile kaleratu zituelarik UGT sindikatuak izan zuen jarrera.

Beste ohar batean, ELA sindikatuak etxe kaleratzeak bertan behera uzteko exijitu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!