Mikel Bujanda: “Gobernuak bi aukera dauzka, auzia behingoz konpontzea ala lege urraketan sakontzea"

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 11a, 11:50

Euskalerria Irratiko zuzendariak agerraldia egin du Parlamentuan. Gehiengoak babesa eman dio euskarazko irratiari. UPNren ordezkariak “zorte ona” opa dio. Lerrookin batera, agerraldi osoaren bideoa (euskaraz eta gazteleraz).

Hamazazpi urte igaro dira 1998 irrati lizentzien banaketa abian jarri zenetik. Urte bete pasa da Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Gobernuak esleipeneko bigarren fasea errepikatzeko agindu zionetik. Eta hilabete gutxi geratzen dira legealdia amaitzeko. Kinka horretan, Mikel Bujandak Nafarroako Gobernuari bi aukera dituela ohartarazi dio: “Behingoz ustelduriko arazo hau modu arrazoizkoan eta bidezkoan konpontzea ala berriro ilegaltasunean erortzea”.

Euskalerria Irratiko zuzendariak agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordearen aitzinean,  Bilduk,  Aralarrek eta Izquierda Ezkerrak hala eskatuta. Hartan Gobernuari galdegin dio “behingoz bete dezala epaileek agindutakoa, behingoz errepika dezala esleipenaren bigarren fasea, eta hori modu azkar eta justuan egin dezala”. Halaber, oroitarazi du indarrean jarraitzen duen lehen fasean Euskalerria Irratiak lortu zuela puntuaziorik onena, eta epaileek errepikatzeko agindu duten bigarren fasean onena dela epaileek beraiek izendaturiko perituen txostenen arabera.

Bere garaian, bigarren fase horretan Gobernuak puntuazio hobea eman zien Radio Universidad de Navarra eta Net 21 irratiei, baina epaileek hirutan ebatzi dute hori egiteko Gobernuak legearen aurka jardun zuela. Auzitegi Gorenaren duela urte beteko epaiaren ondotik, Gobernuak osatua du kontratazio mahaia bigarren fasea errepika dezan, baina, Bujandak salatu duenez, “gardentasunik gabe jokatzen ari dira, mahaia noiz eta zein irizpiderekin biltzen den argitu gabe, prozesua bidegabeki luzatuz”. Gardentasuna galdegin du Bujandak; izan ere, “bada garaia behingoz Euskalerria Irratiaren eta Iruñerriko euskaldunen eskubideak urratzeari uzteko”.

Parlamentuko gehiengoa, Euskalerria Irratiaren alde

Parlamentuko gehiengoak babesa adierazi dio Euskalerria Irratiari gaurko lan saioan. Bilduko Miren Aranoaren arabera, “Osasunak bezala, UPNk amarruak egin ditu partida hau irabazteko, nafar herritarren kontra, nafar hizkuntzaren kontra, aukeratzeko eskubidearen kontra”.

PSNko Pedro Rasconek esplizituki adierazi dio sostengua Iruñerriko euskarazko irrati bakarrari: “Euskalerria Irratiko ordezkariek argi eduki dezatela afera honetan gure taldearen sostengua dutela, eta espero dugula hau behingoz amaitzea eta 27 urteren ondotik behingoz legez emititu ahal izatea”. Bidenabar, Gobernuari esan dio prozesua azkar burutu dezala, “gurpiletan makilarik sartu gabe, prozesua luzatzeko amarrurik egin gabe”.

Aralarko Nekane Perezek oso eskaera zehatza egin du: “Gobernuak epaia bete dezala, eta ez badu betetzen azal dezala zergatik ez duen egiten, zergatik duen auzi honetan halako burugogorkeria”.

Sektarismoa, bidegabekeria eta boterekeria

Gaurko agerraldian Izquierda Ezkerrako Txema Mauleonek erabili ditu adjektiborik gogorrenak: “Hau ikaragarria da. UPN sektarismoz, bidegabekeriaz eta boterekeriaz jokatzen ari da, eta alimaleko kaltea eragiten ari zaie euskaldunei eta Euskalerria Irratiari, 17 urtetan galera ekonomikoak oso handiak izan baitira”.

UPNko eledun Maria del Carmen Gonzalezek esan du Gobernuak epaia beteko duela: “Beti egiten du hori, eta prozesua oraindik amaitu ez badu izanen da oraindik badagoelako zirrikituren bat horretarako”. Nolanahi ere, “zorte ona” opa dio Euskalerriari esleipenaren bigarren fasean. PPko Amaia Zarranzek nabarmendu du kontratazio mahaia osatzen duten pertsonez fio dela, eta iraganean irregulartasunak egon izanak ez duela esan nahi berriro irregulartasunak izanen direnik. “Nik Euskalerria Irratiari ez diote zortea opa baizik eta justizia”, hala amaitu du bere parte hartzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!