Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria, abian

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 6a, 12:21

Tokikomek, Topaguneak eta Euskalerria Irratiak sortu dute auzolanean. Komunikazioa eta komunitatea ditu ardatz.

Abian da Iruñerriko Euskaldunon Agerkari Digitala, tokiko informazioa landuko duen webgune independentea, irekia eta parte hartzailea. Tokikom plataformak eta Codesyntax enpresak garaturiko puntako teknologia lagun, euskaldunak ahalduntzeko tresna izatea du helburu, AEK-ko lagunek esanen luketen moduan, euskahalduntzea.

Komunikazioa eta komunitatea

Agerkariaren oinarriak, bi gogoeta. Lehena, komunitatearen eta komunikazioaren ingurukoa: komunitateak nekez eginen du aurrera komunikaziorik gabe. Are gehiago, Iruñerriko euskaldunon kasuan bezala, komunitateko kideak barreiaturik bizi direlarik. Komunikabideak behar ditugu, zentzu etimologikoan: komunikatzeko bideak, alegia.

Hedabidea vs komunikabidea

Gure bigarren gogoeta, horregatik guztiagatik ez dugula hedabidea izan nahi baizik eta komunikabidea. Hedabideek informazioa norabide bakarrean darabilte, hartzailearengandik hartzailearengana. Guk komunitateari informazioa eman nahi diogu, baina halaber komunitatearengandik informazioa jaso nahi dugu. Plaza digital bat sortu nahi dugu, informazioak, iritziak, ideiak trukatzeko.

Jadanik 84 profil aktibo

Gure komunitatea aktibatzen hasi da jada. Erantzuna itzela izaten ari da. Taldeek zein gizabanakoek profila sortzen ahal dute gurean. Eta dagoeneko 84 profil aktibo dauzkagu. Hedabide nazionalei dagokienez, erantzuna guztiz eskuzabala izan da: Berria eta Argia prest daude Nafarroari buruz sortzen dituzten edukiak gure agerkarian konpartitzeko.

Euskalgintzako eragileen erantzuna ere zoragarria izaten ari da. Orain arte, nahikoa barreiaturik egon da Iruñerriko euskalgintzaren sorkuntza digitala. Hori gurean biltzen hasi gara: Karrikirikoen eta AEK-ko Irrintzi euskaltegiaren agendak, Karrikaluzekoen Bipuntuzero aldizkari zoragarriko edukiak... AEK, IKA, NIZE, SORTZEN, NIE; EHE eta beste askok ere sortu dute haien profila.

Horretaz gain, gizarte zibileko hainbat eragilek abian jarri dituzte haien profilak: alderdiak, sindikatuak, Gora Iruña plataforma, Katakrak liburu denda...

Euskaldunentzako plus informatiboa

Orain arte agerkariaren proiektuaren alde aipatu ditugun arrazoi gehienak soziolinguistikoak dira. Baina gaude informatiboki ere indar handia duela gure proiektuak; izan ere, Nafarroan bizi ditugun aldaketa garaiotan, bestelako informazioak, iritziak eta ideiak jaso eta trukatzeko aukera ematen die euskaldunei. Nafarroa ofiziala ez ezik Nafarroa erreala. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Nafarroako panorama informatiboa aintzat hartuz.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!