Aitor Etxarte: Zaharra ez da hil eta berria ez da jaio

Euskalerria Irratia 2014ko ira. 15a, 12:25

Horrela definitu zuen Antonio Gramscik garai historikoa. Boterearen transferentziak adibide eredugarriak eskaintzen dizkigu. Azken egunetan periodikoetatik hartutako hiru bitxi.

Botinek Yahvehren agintea eduki du han eta hemengo herritarrak belaunikatzeko. Erregimenaren kazetaritzak, komunikazio ia talde guztietan akzioduna da bere bankua, Asisko Frantziskori baino intsentsu gehiago jarri dio. El Paisek adibidez, titulu hauekin santutu du: Berritzaile handia/ Gizon konprometitua/ Lagun onena eta lehiakide zintzoa/ Bankari zuhurra eta enpresari ausarta/ Lider paregabea/ Espainiar unibertsala/ Bankari handiaren laudorioa. Kapo honek pobrezia eta eskubide sozialen murrizketa unibertsala bultzatu du. Gorpua epela zegoelarik jakin arazi dute bere familiako alaba bat dela ondorengoa: Ana Botín. Plutokrazian, zer da odola baino seguruagoa?

Izagirrek, Badiolak eta Uriartek jakin arazi dute Donostia 2016ko egitasmoaren agintaritza, guztien adostasunez, euskara ez dakien baten eskuetan jartzen dutela: Alberto Berástegui. Batzorde eta azpibatzordeen curriculum eta txosten objektiboen bidea ezinbestean jarraitu dute zalantzarik gabe. Beraz, proiektu erratiko eta sinpatiko honek beste urrats egoki bat bete du. El Paísek pozik hartu du izendapena. Berriak azpiratuen moduan hartu du. Erregimenarenak ez direnak letra txikia irakurria zuten botere banaketa honetan?

Durangoko Azokako Ahotsenea gunea liburu eta disko sortzaileen topagunea izan da. Barandiaran izan da orain arteko koordinatzailea. Berrian Lutxo Egiari egin dioten elkarrizketan dio “Gotzonek esan zidan koordinazioa uzteko asmotan zegoela, proposamena egin zidan, eta nik, (…) baietz esan nuen”. Kulturaren paradisuan, ez al dugu beti herri errepublika demokratikoa imajinatu?

Botereak min egiten digu. Sufritzen dugunean eta maneiatzen dugun gutxi horretan. Itxaro Bordaren azken poema liburuak kontsolatuko gaitu: Zure hatzaren ez galtzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!