Mintzatzeko sos bila

Euskalerria Irratia 2014ko urt. 8a, 13:24

Crowfunding bat, diru bilketa bat jarri du martxan Mintzakide egitasmoak (zure ekarpena egiteko, klikatu hemen). Euskaraz mintzatzeko proiektua da Mintzakide. 2004. urtean sortua. Garai hartan 80 lagunek hartzen zuten parte. Euskaraz ongi moldatzen direnak eta hobetzeko beharrak dituztenak elkartu, eta euskaraz aritzea da helburua.

Egun, Iruñerrian 700 lagun ari dira proiektuan, talde txikietan antolatuta. Hazi egin da partaide kopurua baina guztia antolatzeko eta koordinatzeko moduak eta baliabideak berberak dira. Hortaz, beharrak hazi egin dira Mintzakiden. Diru bilketa kanpainaren bitartez, egitasmoa eraberritu, birmoldatu eta on-line bidez aukera gehiago eskaintzea dute helburu. Hala esan du Mintzakideko dinamizatzaileak, Pablo Kormenzanak.

Zu gabe ezin

Abenduan eman zioten hasiera crowfunding bidez dirua eskuratzeari eta hamabi egun geratzen dira ekonomikoki Mintzakide babestu eta laguntzeko. Zu Gabe Ezin izeneko diru bilketa da abian dutena. Kanpaina honen helburuak sare hori koordinatzeko, elikatzeko, handitzeko eta boluntario hauek merezi duten tratua eskaini ahal izateko baliabide ekonomikoak lortzea da, proiektuari baliabide pertsonal gehiago eskaintzea beharrezkoa baita. Batetik, Web orri dinamikoa, erabilgarri eta funtzionala egin nahi dugu. Kode irekiko GNU/GPL lizentziapean diseinatutakoa. Bestetik, zuen ekarpenen bidez,proiektuaren etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa dugun dedikazioa finantzatu nahi dugu.

600 boluntarioa izan direla iaz esan dugu. 80 zireneko baliabide bertsuekin erantzun behar ditugula esan dugu, hori da hain zuzen ere zuzendu behar duguna. Iruñerriko udalen babes ekonomikoa da euren diru iturria, nahikoa zen 2004an ez ordea 2013an. Haiek estu eta larri dabiltza, euskara zerbitzuak itota ekonomikoki.

Horiek, dena dela finantzazioaren hanka bat osatu behar dute eta osatzen dute ezinbestekoa. Baina Euskararekiko proiektu eta aukera gehienetan bezala Foru Komunitate honen erakunde nagusiak dira bere ardurari heltzen ez diotenak.

16 taldetxo osatu ziren 2004an; 120 taldetxo iaz, garapen izugarria izan du kopuruan Mintzakidek. Emaitza ederra partaidetzari dagokionez, onarpenari dagokionez. Duintasunez eta grinaz beteriko proiektua da. Elkartasuna du oinarri

eta horregatik bizilagunen laguntza eske jo dute, proiektu honi egonkortasuna emateko.

Mintzakideren oinarrizko ezaugarriak

Proiektu beraren funtzionamenduari dagokionez esan behar da oinarria boluntarioek osatzen dutela, betiere modu profesionalean koordinatuak. Talde txikiak osatzen ditugu: lau, bost edo sei lagunekoak. Partaide guztiok hitz egin ahal izateko konfiantzan, hanka sartzeari beldurra galtzeko eta harremanetan eroso egoteko aukera onena baita.

Guztietan bermatzen dute “bidelagunak” eta “bidelariak” nahastuta egotea. Astean ordu batez gutxienez biltzen dira taldetxoak, haiek erabakitzen duten lekuan, adosten duten jarduera egiteko: kafetxoa hartu, paseoan ibili, mendira joan, korrika egin, poteatu… Hilabetean behin sarean dauden boluntario guztiei elkar ezagutzeko aukerak ematen dizkiegu: ibilaldiak, hitzaldiak, ikastaroak… Horien artean bereziki azpimarratu nahi dute Mintzakide mendi taldea, egonkorra eta arrakastatsua baita.

Kudeaketa profesionala ezinbestekoa dute. Lehenik eta behin izen emate kanpaina antolatzeko eta kudeatzeko. Fitxak jasota eta datu basea osatuta, bakoitzaren euskara maila neurtzeko eta norberaren aukerak aztertzeko. Beste boluntarioenekin uztartzeko. Taldetxoak diseinatzeko, 120 bat taldetxo horien lehendabiziko saioak dinamizatzeko, sortu daitezkeen arazotxoak soluzio bidean jartzeko.

[youtube]>

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!