Jendarte modernoetako zutabe nagusia omen da demokrazia. Baina kontzeptuak berak baino, haren ulerkera ezberdinek baldintzatzen dute jendarte baten norabidea, alde batera edo bestera. Gure agintari gehienentzat, demokrazia lau urtean behineko hori da, hautesontzi baten bueltan egiten dena, sondeo, estadistika eta zuzeneko emankizunen inguruan, flash ta guzti, ematen den ikuskizuna. Hortik aurrera, demokrazia aitzakia da, edo bermea, sudur puntan jartzen zaiena egiteko. Txikizio oro zilegi zaie, auskalo noizko hauteskundeen aitzakipean.
Benetako demokrazia, ordea, egunez egun eraikitzen dena da, jendarteari parte hartzerako bideak eskaintzen dizkiona, iritzia emateko kanalak, erabakitzeko aukerak. Igandean, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko 39 herrietako biztanleek ezezko borobila eman zioten autopista elektrikoaren proiektuari. Bozka ematera deitutako herritarren %63k parte hartu zuen, eta horietatik %99k baino gehiagok bozkatu zuen egitasmoaren kontra. Ariketa demokratikoa izan daiteke hori, baina benetako demokrazia erabaki hori gauzatu eta errespetatzea litzake. Eta hori, oraindik, ikusteke dago. Atzo, Euskadi Irratiko Faktoriako esatariak autopista elektrikoaren aurkako plataformako kide bat elkarrizketatu zuen. Emaitzak eskutan, proiektua bertan behera geratuko denaren itxaropena agertu zuen honek. Esatariak hala erantzun zion: “bai, hori zuen nahia da, baina benetan uste duzue geldituko dutela?”. Horraino iritsi da gure agintariekiko konfiantza. Eta ez da harritzekoa. Finean, laister hasiko gara azen eta kandelen argudio arzallustarrak entzuten. Edo, are okerrago, laister hasiko dira 50 metrotik gorako dorre elektrikoak eraikitzen, ez dakit noizko hauteskundei begira, ez dakit nongo emaitzei begira, ez dakit noren nahiari erantzunez, eta benetako demokraziari aurpegira txistua botaz.