Elixabete Garmendia: Komunikazio-inkomunikazioa

Euskalerria Irratia 2013ko ots. 28a, 12:30

Beltzaren gainean, bost lagun oinutsik errenkadan. Kale jantzian doaz, eta oinek bakarrik adierazten dute dantza pausoan ari direla. Minimalismoa nagusi eszena guztian, eta hala ere, zenbaterainoko adierazkortasuna. Badakizue, Mikel Laboaren “Komunikazio-inkomunikazioa” dantza eta antzerki ikuskizun bihurtu dute Kukai eta Ttanttakakoek.

Hasteko, burura dator Laboari lehen aldiz oholtza gainean kantaren parametroak betetzen ez zituen pieza hura entzun genionekoa. Ez, hura ez zen ordura arte kantatzat geneukan jenerokoa. Esango nuke auzo-lotsa apur bat ere sentiarazten zigula, barre herabeak han-hemenka, komikotasunetik ulertu behar ote zen zaparrada hura. Baina Laboa gizon serioa zen, medikua ere bai… Laster hasi ginen ulertzen abestiak ez zirela bakarrik errima eta melodia neurtuak; horiek gainditu eta espresionismoa ekarri zigun Laboak kantagintzara.

Jon Maiak, dantzari eta koreografoak, esan du garai hauetarako oso egokia dela “Komunikazio-inkomunikazioa”. Froga egunkariaren azalean bertan dator, ikuskizunaren argazkia inguratzen duten gainerako osagaietan. Izenburu nagusiak dio, juxtu “Komunikazio-inkomunikazioa” ikuskizunaren argazki gainean, euskara eta kultura ez direla sartuko Jaurlaritzaren marra-gorrietan; alegia, ez dela batere erraza izango halako muntaiarik egitea etorkizun hurbilean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!