Legez kanporatzeen aroa amaitu ote den galdetu diote Hasier Arraiz Sortu alderdi berriko presidenteari elkarrizketa batean. Eta adierazgarria izan da oso eman duen erantzuna: “Nahiko genuke, eta pentsatzen dugu horrela izan beharko lukeela. Baina ez gaude horretaz hain seguru”. Arraizek dioena ez da oharkabean utzi behar. Badu bere mamia. Badu bere garrantzia.
Asko hitz egiten da Euskal Herriak bizi duen aro politiko berriaz. Eta esaten da aro berri honen ezaugarrietako bat dela legez kanporatzeen zikloa gaindituta dagoela. Hor dago Sortu. Aderdien Legearen galga pasata, legezko da berriro ezker abertzalea. Urrats bat da. Ezbairik gabe urrats arras garrantzitsua normalizazio politikorako bidean. Baina ezin dugu ahaztu, oraindik orain, dozenaka euskal herritar daudela epaiketaren zain Alderdien Lege horren erruz. Arraiz bera, orain ezker abertzalearen alderdi legeztatu horren burua bera, epaiketa politiko baten zain dago Auzitegi Nazionalean.
Esaten denaz bestera, ez da egia legez kanporatzeen zikloa amaitu dela. Egia da normalizazio politikorako gogoak eta desioak eragin duela aro hori gaindituta dagoela adieraztera, baina irrika horrek ezin du errealitatea estali. Alderdien Legea ez da desagertu. Indarrean jarraitzen du. Eta hori hala den bitartean ezin daiteke esan legez kanporatzeen zikloa amaitu dela. Hankak lurrean izan behar dira: legez kanporatzeen zikloa amaitzeko, Alderdien Legea bertan behera utzi beharko da. Desioak ezin gaitu eraman errealitatea desitxuratzera, eta gizarteak ezin du pentsatu hau dena konponduta dagoela. Arraizek berak elkarrizketan argi utzi du: Espainiako eskuineko sektore zabal batean badira batzuk inboluzio birak egin nahi dituztenak, legez kanporatzeen zikloari eutsi nahi diotenak. Hori da errealitatea, ez beste bat.