Milaka langilek galdu du bere lanpostua azkeneko urteotan. Kaleratua izan da. Krisiak bortizki jokatu du mailarik apaleneko emakume eta gizonekin. Eta enpresa anitzek olatua probextuz kalera bidali ditu bere langileak.
Ohitzen hasiak gara karrikak langilez ikusten Protestan. Lanerako eskubidea aldarrikatzen. Hainbertze ikusten dugu, norberak bere lanpostua baino ez duela defenditzen. Ez gara gauza erantzun bateratu eta sendo bat emateko.
Ehundaka langile kaleratuta ere, enpresa handienen interesak defenditu ditu Administrazio Publikoak. Bide berari heldu nahi dio orain. Lehendabizikoz, gehiago izan dira administrazio publikoan kaleratutakoak enpresa pribatuetatik egotzitakoak baino. Eta gaurdanik, errazagoa izanen dute administrazio publikoek euren langileak kaleratzeko.
Baina guk, herritarrok, behar berak ditugu krisia baino lehen eta orain. Berdin-berdin behar dugu mediku-erizainek artatzea; seme-alaben irakasleak eskolan egotea; kale-garbiltzaileek erratzari eustea; Herriko Etxeko leihoan zerbitzua emanen digun funtzionarioa topatzea, edo herriko kultur bizimodua dinamizatuko duen teknikaria edukitzea. Administrazio publiko sendo batek baino ez digu bermatuko sozietate kohesionatu, sendo eta parekideago bat.
Eta oraindik, ez diogu neurria hartu kaleari. Kalera joandakoak gero eta gehiago izanagatik ere, oraindik ez dugu geure egin kalea. Ikasgai hori jorratzekoa dugu, oraindik, sozietate moduan.