Fermin Erbiti: Zaharrenak, gazteenak

Euskalerria Irratia 2012ko urr. 31a, 08:32

Gure lantegira astean behin-edo heltzen da gogoan ideiaren bat eta hura nori azaldu ez dakien norbait. Horrelakoetan atean dugun zaindariak, telefonistak bezala jokatzen du: norekin hitz egin ez badakizu, komunikazio-arduradunari deituko diot.

Parte zaharreko espaloien egoera kaskarra salatzera datorren emakumea izan daiteke, ea Kontuen Ganberak zer egin dezakeen hori salatzeko. Edo herriko etxea zaharberritzeko laguntza non eskatu galdetzera datorren emakumea. Funtzionariook biztanleen zerbitzariak baikara, bisitari despistatuak ere gure arreta merezi du.Lehengo egunean, egunkarietatik-eta ezagutzen nuen nafar teologo bat etorri zitzaigun. Apez talde bati krisiaz hitz eginen dion hizlari bila etorri zen, nonbait Kontuen Ganberakook asko dakigulako horretaz. Nigana ekarri zuten.“Guk apezok ez dakigu deus ekonomiaz”, bota zidan, “baina jakin nahi dugu, batez ere krisia nondik datorren, zergatik, hori dena ulertu, ondoren elkartasuna ahalik eta hobekien bultzatzen asmatzeko”. Berehala itxi genuen tratua.

Nirekin solasean ari zena teologo izateaz gain, filosofia eta ekonomia ere ikasia da. Unibertsitate irakaslea eta hamaika libururen egile, protagonismo handia hartu zuen duela hogei bat urte, proiektu baten aurka sutsu aritu baitzen, istilu gogorrak tarteko, herritarrekin bat eginez.

Sasoiko segitzen du laurogeita bost urtetan, Kontzilio ezagutu eta horretan sinistu zuten beste askok bezala. Eliza ofizialaren jokabidea ikusita, apez talde honen jarrerak badu meriturik, horixe pentsatu nuen ordenagailuaren aitzinera bueltatzean.

Harrigarria izan arren, hala da: laurogei urtetik gorako hauek dira nafar apezik gazteenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!