Fermin Erbiti: Sanferminak arte bihurtu dituztenak gogoan

Euskalerria Irratia 2012ko uzt. 10a, 11:19

Gauza jakina da kultura ez dela Sanferminetako izar nagusia, baina badira gure festak arte bihurtu dituztenak, eta pentsatzekoa da orain ere baten bat horretan ariko dela. Azken ehun urteko Sanferminetan hiru izen aipatuko nituzke: Feliz Urabayen idazlea, Javier Ziga margolaria eta Nicolas Ardanaz argazkilaria.

Meritua Hemingway-ri aitortzen bazaio ere, amerikarra ez da gure festak nobelatu zituen lehenbizikoa. Nafar batek egin zuen, Felix Urabayen idazle ahantziak, 1925ean, eta handik zazpi urtera frantsesez ere argitaratu zen liburua. El barrio maldito liburuaz ari gara, noski: Baztango agoteak eta Sanferminak, horixe lanaren gai bikoitza. Sanferminei dagokienez, nafarrak hogeigarren mende hasierako festen deskribapen oso interesgarria eskaini zigun, festak ederki ezagutzen zituen seinale.

Javier Ziga Sanferminetako kartel ederren egilea dugu. Sanferminzale handia, Nabarreriako artistak Iruñeko festei esker lortu zuen Madrila eta Parisa ikastera joateko babesa. Nicolas Urdanpilleta jatorri euskalduneko amerikarra Sanferminetara etorri zen 1909an. Urte hartan Zigaren kartelak iragarri zituen festak. Kartel hura ikusita, amerikarrak gaztea ezagutu nahi izan zuen, eta laguntza eman zion handik aitzinera tokirik hoberenetan ikas zezan.

Eta, azkenik, Ardanaz. Kale nagusiko dendaria, Zigaren ikasle eta argazkilari bikaina, zuri eta beltzezko Sanferminetako irudi ederrenen egilea. Duela 30 urte hil zenetik, Nafarroako museoan daude haren argazki ederrak.

Hiru artista nafar, oso Sanferminzaleak hirurak, Iruñeko festak arte bihurtzen jakin zutenak.

Iruñeko agintariek, noizean behin, festaren arlo hau ezagutarazi beharko lukete, ezagutzen badute, noski, bestela aurretik ikasi beharko luketelako.

Sanferminak kulturaz urri dabiltza, hori begi bistakoa da. Eta duguntxoa, tamalez, ahantzirik edo bazterturik daukagu, agian agintariek Manolo Escobarrengandik hurbilago daudelako Urabayen edo Zigarengandik baino.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!