Fermin Erbiti: Erreskate etikoa

Euskalerria Irratia 2012ko eka. 13a, 11:11

Ez da oso kazetari trebea izan behar larunbateko erreskatearen ondorengo galdera bikoitza egiteko: batetik erreskateak ekaitza baretuko duen eta, bestetik, nork ordainduko duen ehun mila milioiko kreditua: bankuek edo guk, guztiok. Momentuz badakigu kredituak estatuaren bermea duela eta, beraz, abal-emaile egin gaituztela.

Ekonomiaren martxa konfiantza eta seriotasunari dago lotua. Eta hori arazo handia da Espainiarentzat. Ez da oso serioa erreskate egunean Raxoik hitzik ez esatea, eta ekaitzaren erdian Poloniara joatea, futbol partida bat ikustera.

Baina badira estatu baten seriotasuna zapuzten duten beste adibide larriago batzuk: hazkunde ekonomikoaren eredua, iruzur-maila handia, politikariek dimisioa emateko duten zailtasuna, erregearen ibilbidea, gezurretan oinarritutakoa; eta zer esan Dimar epaile-buruaren lotsagabekeriaz. Hau guztia eredugarritasunetik eta seriotasunetik oso urrun dago.

Espainia markak ez du saltzen, hori argi dago. Galdera da bankuen erreskatea burua altxatzen hasteko aski izanen ote den. Nago Espainiak bestelako erreskatea behar duela, erreskate etikoa. Hori noizko?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!