Iñaki Irisarri: 2.0

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 30a, 19:45

Ditxosozko 2.0 hori ziur asko leku askotan ikusi izan duzue azken urteotan. Informatikari lotutako ideia da berez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzkoa, baina beste esparru batzuetara ere egin du jauzi modu azkar samarrean. Izan ere, 2.0 hori kontzeptu bat da berez, ikuspegi iraultzaile bat eskaintzeko asmoa duena.

Besteak beste, herritarren parte-hartzea da pieza nagusietako bat ikuspegi horretan, horizontaltasuna bultzatzen baitu edozein sistemaren egituran.

Eta gauzak ulertzeko modurik onena adibideak jartzea denez, bada har ditzagun, esaterako, entziklopedia britainiarra alde batetik, eta wikipedia entziklopedia askea, bestetik.

Entziklopedia britainiarra ez da sartzen 2.0 kontzeptuan, goitik datorkigun zerbait baita. Pertsona jakin batzuek egindako lana da, gero gure esku jartzen dutena, horretan parte hartzeko inolako aukerarik eman gabe. Wikipedia entziklopedia askea, ordea, 2.0 kontzeptuan sartzen da bete-betean, agintarien laguntzaren beharrik gabe, herritarrok sortutako lana baita, edozein pertsonaren ekarpena jasotzeko modukoa.

Beste adibide bat, telebista eta youtube dira; telebistaren aurrean oso jarrera pasiboa dugu nahitaez, guk ezin baitugu horren programazioan parte hartu. Youtuben, aldiz, gure bideoak jartzeko aukera dugu, eta, nolabait, herritarrek osatutako programazio bat dago bertan, zer ikusi nahi dugun hautatzeko aukera ematen diguna, gainera.

Beraz, bi adibide horiek ikusita, eta gogoeta pixka bat eginda, konturatuko gara 2.0 kontzeptu hori ez dela inondik ere berria, eta aspalditik erabili izan duela herriak, nahiz eta egia esan, ahaztu samar dabil gure gogoan. Gurean, esaterako, AUZOLAN deitu izan diogu herritarren parte-hartzea bultzatzen duen horri, eta goiko agintariengandik gero eta gutxiago jasoko dugun garai hauetan, ez dirudi kontu txarra denik indarrean jartzea berriz, auzolan edo 2.0 deituta ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!