Aitor Etxarte: Garai gogorretatik bizirik atera

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 29a, 10:00

Aita, ama, laguna hiltzen denean intentsitate handiko aldia sortzen da. Ez beti, bai sarritan.

Merced kalean gozokietarako metal kutxak zirenak ireki dira erraietan dituzten argazki zaharrak erakutsiz. “Vasquitos y nesquitas” zirenak zuri-beltzezko irudietan mutatu ziren aspaldi. Guk jan genituen eta amak egin zuen aldaketa. Argazki bakoitza esku artean hartzen zuenean gela betetzen zen. Senide eta lagunak, egun ezagutzen ez dugun dotorezi eta fotogenia sinplez.

Fabrikako langileak alpargataz, sendiak ospakizun txikietan, gazte ederrak hilabeteetara lubakietan edo fusilatuak hilko zirenak, ustekabeko erretratuak kalean, estudioko irudi fantasiosoak aberatsen antzeko gelen dekorazioaz. Guztiak gerraren mugarekin: “hauek aurrekoak ziren, beste hauek ondorengoak”. Hori izan delako galtzaileen ardatza. Eta argazki baten ostean, adibidez, hau lumaz txukun idatzita: ANTONIA ECHEBARRIA. ESTA FOTOGRAFIA LA HIZO D. JOSE MARQUIEGUI DE DEVA QUE FUE FUSILADO. Q.E.D.

Raymond Williams galestarrak dio: historia porrotaren dokumentua da, inbasioarena, biktimizazioarena eta zapalkuntzarena. Batek ikusten duenean nire arbasoei egin zietena, sentitzen du sinesgaitza dela. Porrotak behin eta berriz gertatu dira, eta narrazio batek esploratu nahi duena da biziraundu zuen guztiaren muina. Zinbeltasun mugagabea, bihurrikeria askotan, erabili izan zuten muturreko baldintzetan bizirik jarraitzeko eta atentzioa ematen du sinesmen anitzetan eman dutela hori adieraztera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!