Geltokiko EKOmerkatuak bost urte beteko ditu larunbatean

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 24a, 20:00

Martxoaren 1ean ospatuko du NNPEK-k urteurrena argazki erakusketa eta txalaparta ikuskizun batekin

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Elkarteak (NNPEK) hilabetero antolatzen duen EKOmerkatuak 5 urte beteko ditu larunbata honetan, martxoak 1ean, eta modu berezi batean ospatuko dute. Ohi bezala Geltokin egongo da ikusgai, goizeko 10etatik 14:00etara. Bertan, ekoizle ekologikoak bilduko dira, elikadura ekologikoaren ekoizpenera eta sustapenera bideratutako hainbat jarduerarekin.

NNPEK ohar bidez jakitera eman duenez, produktuen salmentaz gain, larunbata honetan merkatu berezia antolatuko dute. Batetik, 12:00etan, Imanol Ugarte eta Jabier Leozek osatzen duten Talka Txalaparta bikoteak ikuskizuna eskainiko dute eta bestetik, ONAY Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako "Siwatl: emakumeak etorkizuna lantzen" argazki erakusketa ikusgai egongo da. Elkarteak jakitera eman duenez, “erakusketaren ardura duten emakumeek ekitaldia dinamizatuko dute, bertaratutakoei galdetuz zer den haientzat elikadura-subiranotasuna".

EKOmerkatuan hilabete guztietako lehenengo larunbatean aurkitu ohi diren elikagaiak ere ez dira faltako: Artzibarko ogia eta pastak; Lizarraldeko olioa, gazta eta lekaleak; Caparrosoko sasoiko barazkiak; Ekollaondoko arrautzak eta ahuntz gazta; Arbeitzako eta Eulzko eztia; Faltzesko eta Eulzko olioa eta almendrak; Baztango gazta urdina eta lekaleak eta Munarrizko patatak. Gainera, bi salmenta puntu berri aurkituko dira: Artiedako Conservas Gukalde eta Errioxako olio aromatikoekin eta infusioak prestatzen dituen Lurreko Aromaticas ekoizleak.

EKOmerkatuaren bosgarren urteurrena larunbata honetan, martxoak 1, ospatuko da Geltokin, 10:00etatik 14:00etara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!