Santa Ana plaza berritzeko proiektuak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 18a, 07:39

Alde zaharrean auzolagunendako oasia sortu nahi da. Martxoan hasiko da parte hartze prozesuaren bigarren fasea: proposamenak xehe-xehe azaltzeko aurkezpen bat egin eta jendaurrean jarriko dituzte ikusgai

Basoa proposamenak eskuratu du lehen postua: epaimahaiak 88 puntu eman dizkio. Finalera iritsi diren beste bi proposamenek, El sitio de mi recreo (Nire jolas ordurako tokia) eta Aquí convive un barrio (Hemen auzokideak bizikide dira) izenburudunek, berriz, 75 eta 67 puntu lortu dituzte hurrenez hurren. Hiru horien ondotik, proposamen hauek geratu dira finalaren atarian: De plazas y refugios (Plazak eta babeslekuak), 61,5 puntu eskuratuta; Assimulare, 52,5 punturekin, eta Hortus, 41,5 puntu lortuta.

‘Basoa’: San Zernin burguaren birika berdea
Esan bezala, Basoa proposamena gustatu zaio gehien epaimahaiari: hiriaren erdigunean hiri-oasi natural bat sortzeko beharra oinarri hartuta garatu dute. Proiektu horretan, geometria da diseinuaren ardatza: gune biribilak sortu nahi dituzte hainbat jarduera egin ahal izateko, eta zoladura drainatzailea jartzea proposatu dute; gainera, igarobideak eta eremu berde naturalizatuak tartekatzea planteatu dute, plazak baratzeekin betetzen zuen funtzio hidrologikoa berreskuratu dezan. Proiektu hori eginen balute, zuhaitzak eta landaredia jarriko lituzkete plazan, auzoaren birika berdea izan dadin.

Gaur egun dituen erabilerez gain, beste batzuk ere proposatu dituzte. Pellejerías zokoan dagoen sarreran zuhaitz berezi bat jartzea jasotzen du proiektuak, eremu horri duintasun handiagoa emateko. Domoa eta hiri-baratzea bere horretan mantenduko lituzkete, eta landarez osatutako anfiteatro bat sortuko lukete Kondestableren atzeko irteeran dagoen desnibela baliatuz. Plazaren erdiko eremua haurrendako jolaserako eta hiri-gimnasiorako gordeko lirateke aurrerantzean ere, baina elementu naturalagoak jarriko lituzkete.
 Jardueretarako eremua, berriz, ekialdera mugitu nahi dute, horrela probetxu handiagoa aterako baitzaio tokiak duen tamainari, eta sarrera batetik gertuago egonen da.  Aldaketa horri esker, garai bateko Txerrien Azokak hartzen zuen tokia berreskuratuko litzateke. Lehen hala zuen izena Santa Ana plazak. Pergola bat jarriz aterpe bat sortuko lukete hor. Jarauta kaletik sartzen da inguru horretara, eta hor garbiketa automatikoko komunak  jartzea planteatu dute.

Hitz gutxitan esanda, paisaia aintzat hartuta garatu dute Basoa proposamena, eta plazaren ingurua naturalizatzea proposatu dute: hala, natura ardatz hartuta berrituko litzateke eremua, eta plazako jardunaren eta etxebizitzen arteko talka arindu. Basoa proposamena garatzeko 947.945 euroko aurrekontua beharko litzateke gutxi gorabehera, eta lanek sei hilabete iraunen lukete.

‘El sitio de mi recreo’ (Nire jolas ordurako tokia): egurrezko pergola bat erdiko gunea inguratzeko
Bigarren proposamenak egurrezko inguru iragazkor bat sortzea jasotzen du: pergola laukizuzen bat jarriko lukete, eta, diotenez, bi eremu desberdin egonen lirateke plazan.  Alde batetik, jarduerak egiteko gune bat egonen litzateke erdian, eta bestetik, plazaren inguru osoa, ondoan dituen eremuei begira: kafetegia, hiri-baratzea, Kondestableren atzeko aldea... Ekialdean, Pellejerías zokoaren inguruan alegia, berdegune bat jarriko lukete; mendebaldean jolaserako eta bestelako jardueretarako gune bat sortzea proposatu dute, eta erdian, berriz, lasai egoteko eta bestelako kontuetarako eremua sortuko lukete.

Erdiko pergola da diseinu honetan plazaren ardatza: egitura soil bat proposatu dute, egurrezko atari moduko bat, eremu bakoitzaren beharretara egokitua. Hala, erdigunea eremu librea litzateke, eta lehendik plazan zegoena errespetatuko luke, hala nola zuhaitzak eta putzuak. Pergola egokitu eginen litzateke eremu bakoitzak duen erabilerara, eta beraz, lorategi bertikalak izanen lituzke, landarezko sabaia ere bai itzalak sortzeko, plazaren historiari buruzko panelak jarriko lituzkete, eta haurrendako jolasak ere bai. Pergolaren inguruan lorategi bat sortuko lukete, antolatzen diren programak eta jarduerak egiteko, eta eremu bakoitzean ekipamendu egokia jarriko lukete: lasai egoteko, jolaserako, atseden hartzeko, erlaxatzeko, kulturjardueretarako, artearekin lotutako kontuetarako, zerbitzuetarako...

Programa didaktiko bat sortzea proposatu dute, esperimentuen bidez azaltzeko baratzeko eta lorategiko lanak, uraren zikloa, eta kutsadurarekin eta energiarekin lotutako kontuak. Proposamen honen arabera, bi fasetan berrurbanizatuko litzateke Santa Ana plaza, eta 875.058 euroko aurrekontua beharko litzateke.

‘Aquí convive un barrio’ (Hemen auzokideak bizikide dira): plaza naturalizatzea eta haur-jolasendako gunea
Proposamen honen helburua da plazak berak eta harako sarbideak inguruko hiri-egiturarekin bat egin dezaten lortzea. Etxadiaren tamaina historikoa berreskuratzea proposatu dute, gaur egun dauden eraikin gehienak errespetatuz eta beste batzuk berrituz; egitura kaltetuta duten eraikinak, berriz, bota eginen lituzkete. Horri esker, Eslava kaletik sarbide bat izanen luke plazak, arkupe formakoa.

Elementu historiko eta sinbolikoak bere horretan utziko lituzkete, esaterako hargintzarako putzuak eta aulkigintzarako zutabea.
Plaza diafanoa izatea nahi dute, argia, lasai egoteko toki bat, landarez eta zuhaitzez inguratua; bertako espezieekin osatutako lorategi bat sortuko lukete, eta landarez osatutako muino txikiak ere bai, desnibelak arintzeko.  Hiri-baratzea mantendu eginen lukete, baina beste toki batean. Uretako jolasendako gune bat sortzea ere proposatu dute, eta horrez gain, haurrendako jolasak, bidezidorrak, terrazak, lasai egoteko tokiak eta gerizpean elkartzeko guneak ere egonen lirateke. Plazak plataforma bakar bat izanen luke, zoladura irisgarria, eta bizikletendako aparkalekuak jarriko lituzkete sarbideetan; Kondestablearen jauregiaren atzeko sarbidea lehenestea proposatu dute gainera. 

Halaber, bizilagunendako zentro zibiko bat sortuko lukete Eslava kaleko sarbide berriaren ondoko eraikinean, beheko solairuan. Hamar hilabete beharko lirateke ‘Aquí convive un barrio’ proposamenean bildutako lanak egiteko, eta 1,1 milioi euroko aurrekontua beharko litzateke gutxi gorabehera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!