Azaroan sinatutako “Erorien Monumentua eraldatzeko eta Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroa sortzeko” akordio politikoan hartutako konpromisoei jarraiki, PSN, EH Bildu, eta Geroa Baiko talde parlamentarioek foru lege proposamen bat erregistratu dute. Aurkeztutako ekimenak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legearen aldaketa ekarriko luke.
Aipatutako legeari xedapen gehigarri bat gehitzea proposatzen dute PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik, “Erorien Monumentuko sinbologia faxistari lotutako elementuak eraistea eta eraikinean faxismoa salatzeko eta memoria demokratikoaren aldeko interpretazio zentroa sortzea ahalbidetuko duena”, EH Bilduk ohar bidez jakitera eman duenez.
Lege proposamenak eraikinari lotutako erabilerak mugatzea proposatzen du, zehaztuz, “gerran eta diktaduran gertatutako giza eskubideen urraketa larrien arrazoiak eta inguruabarrak ezagutzera emateko soilik erabili ahal izango direla, baita gizartea gogoeta egitera eta faxismo-modu berrien arriskuez ohartaraztera ere, demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten baitute, bizikidetzari eta giza eskubideekiko errespetuari balioa emanez”. Era berean, testuak jasotzen duenez, “erregimen frankistaren garaipena goraipatzen duten eta kupularen barruko pinturak ezkutatzen dituzten zati sinbolikoak” kendu beharko dira.
Lege proposamena Nafarroako Parlamentuko Mahaian aurkeztu da, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez eta urgentziaz tramitatzeko.
“Aldaketa horren bidez, segurtasun juridikoa eta babesa emango diogu aldaketa horri, eta, aldi berean, herritarren aurrean hartutako konpromisoa beteko dugu”, azaldu du Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak ohar bidez. “Eskuin muturraren goranzko joeraren eta faxismo modu berrien aurrean, eraldaketa horrek Iruñea eta Nafarroa oroimen historikoan, demokraziaren defentsan eta giza eskubideetan aurrera egiten duten leku gisa kokatuko ditu”, azpimarratu du ezker subiranistak.
Lege proposamena Nafarroako Parlamentuko Mahaian aurkeztu da, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez eta urgentziaz tramitatuko da.