Gizain Fundazioko langileek euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatu dute

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 21a, 19:17

Mobilizazio ziklo berriari eman diote hasiera LAB eta CCOO sindikatuek Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitza aurrean elkarretaratzea eginez

Gizain, Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko gobernuaren fundazioko langileak elkarretaratzea egin dute Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren parean, beren lan baldintzak foru administraziokoekin parekatzea eskatzeko.

Azaroan egindako greba eta gero, LAB eta CCOO sindikatuek mobilizazio ziklo berria abiatu dute, “aldarrikapen hori agenda politiko eta mediatikoan mantentzeko”, sindikatuek bidali duten oharrean adierazi dutenez. Bi astean behin aurreikusi dituzte elkarretaratzeak, departamentuaren aurrean eta baita lantoki ezberdinen ondoan ere.

LABek eta CCOOk adierazi dutenez, “ia bi urte geldirik daramatzan egoera hau desblokeatzeko momentua da. Onartezina da Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen duen enpresa publiko bat 2023 hasieratik bere hitzarmenaren negoziazioan blokeo batekin egotea”. Salatu dutenez, langile batzuk Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren hitzarmen sektorialak adierazten duenaren azpitik ari dira kobratzen.

Langileek salatzen dute Gobernuak ez duela Gizain Fundazioaren lan hitzarmenaren 6.3. artikulua betetzen ari, zeinetan adierazten den 2023tik aurrera langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu-osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko direla, eta hitzarmena ultra aktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata-igoera aplikatuko dela.

Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina ez zuen bete, eta 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!