Euskara sustatzeko planaren oinarriak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 20a, 20:25

Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak

Iruñeko Udalak hizkuntza planaren oinarriak finkatzen dituen dokumentua aurkeztu du. Akordio politiko nahikoa izateko oinarrizko ildoak jasotzen dituen zirriborroa da. Herritarrek euskara erabiltzeko eta ezagutzeko duten eskubidea, eta administrazioan, udal-zerbitzuetan eta hiriko bizitza kultural, komertzial eta ekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko baliabidea izango da.

Euskarak Iruñeko bizitza publikoan presentzia esanguratsua izatea planteatzen du. Horretarako, udalak herritarrei ematen dien arreta bi hizkuntzetan egin ahal izateko ekintzak jasotzea proposatzen da eta eskaintzen den informazio orokorra elebiduna izatea.

Euskarak gizarte-kohesiorako duen funtzioa nabarmentzen du dokumentuak, "ezagutza lortzea eskubidea izateaz gain, aukera-berdintasunerako tresna ere bada eta ikasketa eta erabilera sustatzeak gizarte-kohesio handiagoa lortzen laguntzen du, bere hizkuntza- eta kultura-aniztasunaz harro dagoen hiri bateko kide izatearen zentzua indartuz".

Udalak bere gain hartu beharreko hainbat konpromiso planteatzen ditu zirriborroak. Lehenik, "euskara babestu eta sustatuko duten politikak ezartzea, hizkuntza horrek Iruñeko bizitza publikoan presentzia esanguratsua izango duela ziurtatuz".

Bigarrenik, euskararen ikaskuntza sustatzea aurreikusten du, "herritarrei baliabideak eta informazioa emanez". Halaber, eguneroko bizitzako arlo guztietan erabilera indartzea eskatzen du, kanpaina eta programen bitartez. Hirugarrenik, jarduera horiek "herritar guztien artean euskararen aldeko harrotasuna eta estimua sustatzea" defendatzen du, eta Udalak "ekitaldi ofizialetan, udal-programazioan eta bizitza publikoan" euskararen presentzia ziurtatzea.

Azkenik, "euskararen ezagutza baldintza berdintasuna errazteko tresna izan dadin" proposatzen du dokumentuak, pertsona guztiek, "jatorria edo baldintza edozein izanda ere, euskara ikasteko aukera berdinak izan ditzaten".

Plana garatzeko funtsezkoa izango da Euskararen Udal Kontseilua. Talde politikoetako ordezkariek, teknikariek eta euskararen ezagutzan eta sustapenean lan egiten duten elkarteek osatuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!