Amaiur ikastolako ikasleek patio berri bat dute, gune gogor gutxiago eta berdegune gehiago dituena. Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisitatu du jolasgune berria; obrek lau hilabete iraun dute, abuztutik abenduaren 19ra arte. 59.565 euroko inbertsioa jo dute, eta haiei esker irla berde bat sortu da patioaren erdian, kirolguneak berrantolatu dira, eta baloirik gabe jolastea nahiago dutenendako jolasgune berri bat sortu da. Lorategiak eta belardiak haz daitezen bermatzeko, berdeguneak hesiekin mugatuta egonen dira ikasturte osoan zehar.
Egindako obrei esker, joan den mendeko 80. hamarkadan diseinatu zen patioa partzialki birnaturalizatu da, jolasteko beste modu batzuekin eta beste pedagogia batzuekin bat egiteko. Izan ere, jolasgunea futbol-pista baten eta patioaren erdian zegoen saskibaloi-pista baten inguruan diseinatu zen. Gune horiez gain, patioan atletismo-pista bat eta frontoi bat zeuden. Gainera, haurrendako jolasgune bat zegoen, gainerakotik fisikoki bereizita. Landarediari dagokionez, zuhaitz handi batzuk baino ez zeuden, patioaren perimetroan.
Obretan landarez betetako irla bat sortu dute patioaren erdian. Irla hori drainatze-gainazal bat da, eta, hari esker, bero-uhartearen efektua murrizten da. Sortutako irla berri horri esker, patioa bi jolasgunetan zatitzen da: lehenengoa baloiarekin lotutako kirolak eta jarduerak egiteko kirolgune berri bat da, eta bigarrena jolas libre, anitz eta askotarikorako gune bat da; bigarren gune horretan, lehen saskibaloi-pista zegoen. Izan ere, landarez betetako irla horrek aldapa txiki bat du, gune batetik bestera baloia pasa dadila eragozteko. Gainera, irla berde hori egoteko gune gisa planteatzen da; izan ere, banku jarraitu bat jarri dute.
Irla hori zuhaixka-landareek eta tamaina desberdinetako zuhaitzek osatzen dute. Gune natural bat sortzeaz gain, jolas-dinamikak aldatzeko elementu esanguratsua bihurtzea du helburu.
Jarduketa koordinatua
Amaiur ikastolako patioaren berrikuntza Iruñeko Udalak patioak eraldatzeko sortu duen proiektu zabalago baten parte da. Hala, Sanduzelai eta Iturrama ikastetxe publikoak ere birnaturalizatu dituzte aurten. Guztira,438.673,28 euro inbertitu dira hiru ikastetxeetan egin diren esku-hartzeetan. Hiru kasuetan, helburua ikastetxeetako patioak eraldatzea izan da, berdeguneak sortuz eta landareak eta zuhaitzak landatuz.
Berrikuntza irizpide ekologiko, sozial eta pedagogikoetan oinarrituta egin da, berdeguneak sortzea onuragarria dela ulertuta. Batetik, ingurumenari dagokionez, bero-uharteak kentzeko aukera ematen du, eta birika berde txikiak sortzen ditu, klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzeko. Bestetik, pedagogiari dagokionez, ohiko patioak ordezteari esker, gune berriak sortu, eta jolas-dinamikak aldatzen dira. Gainera, haurrek natura gertu izan dezakete.