Sartu dira teknikariak Planetarioko kalteak neurtzera

Haritz Pascual Garjon 2025ko urt. 15a, 08:18

Proiektorea eta planetarioko areto nagusia suak kaltetuta. Argazkia: Foruzaingoa

Atzo arratsaldean itzali zuten suhiltzaileek sua, gaur goizean Foruzaingoko teknikariak barrura sartu dira sutearen kausak argitzen hasteko. Haiekin batera, kalteen tamaina neurtuko duten adituak ere arituko dira lanean proiekzio gelan.

“Planetarioko harribitxia erre zaigu” azaldu zuen sute ondoan kultur kontseilari Rebeca Esnaolak. Kea kupulatik ateratzen ari zen, proiekzio gelatik bertatik. Iñaki Elias, suhiltzaile zerbitzuk zuzendariak baieztatu zituen beldurrak: “Areto nagusia erabat kaltetu du suak”.  1993an Planetarioa zabaldu zenean arreta eta txalo guztiak erakarri zituen gunea da proiekzio gela. Borobilean ordenaturik, gora begira jarrita dauden 205 besaulki ditu aretoak. Erdian Zeiss VI proiektore digitala dago, espazioa, planetak eta izarren programa, kupulan erakusten duen goi teknologiadun lan tresna. 2018an berritu zuten, denbora errealean, gure gaineko zeruan dagoena erakusteko aukera ematen zuena. Aretotik 3 milioi ikusle pasa dira azken 30 urtetan, horietatik 800.000 ikasleak izan dira. Oraindik neurtu gabe dauden arren, kalteak handiak izanen dira. Nafarroako Gobernuaren eskuko azpiegitura izanik, exekutiboak berak erabaki beharko du zer eginen duen hemendik aurrera eta zer pausu emanen duen planetarioaren jarduna berreskuratze aldera. Momentuz, izar proiekzio programa kenduta, bertan egiten ziren zientzia saioak NICDO enpresa publikoko beste azpiegiturara bideratuko dira, Baluarte eta Nafarroa Arenako aretoetara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!