Larunbatean euskal pilotaren jatorria eta bilakaera ezagutzeko bisita gidatua eginen dute Iruñean barna

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 2a, 12:54

Oraindik badira leku libreak, 11:00etan Artxibo Nagusitik abiatuko den bi orduko ibilaldirako.

Urtarrilaren 4an (larunbata) Iruñeko euskal pilotaren historia bertatik bertara bizitzeko aukera izanen da. Udalak bisita gidatu bat antolatu du euskaraz, euskal pilotaren jatorria eta bilakaera ezagutzeko; Bisitan Iruñean historikoki pilotan jolastu izan den kaleak eta plazak ikusiko dira, baita hiriko pilotalekuak ere. Bisita 11:00etan abiatuko da Errege Artxibotik, eta 2 orduko iraupena izanen du.

 Interesdunek webgune honetan erreserbatu dezakete tokia. Jardueraren prezio orokorra bost eurokoa da, eta lau eurokoa Pamplona Iruña Card(PIC) txartela dutenentzat. Hamalau urtetik beherakoek doan dute sarrera.

Ibilbideak lau geldialdi nagusi ditu: Mañuetako pilotalekua, Gazteluko plaza, Jito-Alai pilotalekua eta Labrit pilotalekua. Hain zuzen ere, Labriten bukatuko da bisita, pilotalekuan bertan eginen den ikus-entzunezko proiekzio batekin. Ondoren, euskal pilotako zenbait modalitateren erakustaldia eginen da, eta pilotalekuko kantxara jaisteko aukera eskainiko da, hainbat pilota-tresna probatzeko.

Abuztuan hasi eta azken hilabeteotan egin den 8 bisitako multzoko azken bisita da hau. Bisita Iruña “Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu” bihurtzeko proiektuaren barruan kokatzen da; ekimen hori Iruña 2030 Hiri Agendan dago sartuta, eta xede du euskal pilota suspertzea eta Iruñearen kohesiorako eta garapenerako tresna gisa duen ahalmenari balioa ematea. Gainera, bisita gidatu horiek Iruña SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren (HJTP) barruan jasota daude, eta Europako finantzazioa dute Next Generation EU – Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!