Su piromusikalak, Sanferminetako eskaileraren lehen mailan

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 31a, 11:33

2025eko Eskalerika udal-programa bihar hasiko da, urtarrilaren 1arekin, eta jarduerak auzoetara eramanen dituzte.

Urtarrilaren 1ean hasiko da 2025eko Sanferminetarako atzerako kontaketa sinbolikoa. Baina oraingoan ez da hain sinbolikoa izanen, Udalak ‘2025eko Eskalerika’ programa ere abiarazi baitu, zeina Txupinazora bitartean landuko baitu. Lehen maila hori igotzeko Leire Ruiz Ganuza eta Txori García Uriz aktoreek pregoia eginen dute Udaletxe plazan, 19:00etan; denbora izanen da protagonista pregoi horretan, eta neurri txikiagoan, atzerako kontaketa handi bat.

Une horretatik aurrera, hala nahi dutenek, zenbait artistak trikimako gainean Antoniutti parke aldera eginen duten kalejiran parte hartzeko aukera izanen dute, eta bertara iritsitakoan, 19:45ean, su piromusikalen erakustaldi bat eginen da. Ikuskizun horrek barne hartuko ditu elementu pirotekniko tradizionalak, hala nola suzko gurpilak edo diademak, potentzia txikiko eta altuera ertaineko lurreko euskarri batzuetatik jaurtiko direnak, eta Antoniouttin ikusi eta gozatu ahal izanen direnak. Era horretan, ekitaldiaren ikusgarritasuna eta kokapen egokia bermatuko dira.

Programa baten lehen jarduera da, eta ekainaren 6ra arte, egutegian mugarriak markatuko ditu, jaien programan inspiratutako edukiak dituzten ekitaldiak programatuz. Ekitaldi horiek hainbat tokitan gauzatuko dira. Zazpi ekintza izanen dira –koska bakoitzean bana eta uda ostean beste bat–, beti ere kultur izaera dutenak, jasangarriak eta festa-ekitaldietan jasangarritasunak duen garrantziaz kontzientziatzen lagunduko dutenak. Izan ere, tokiko kultura-programazioa sustatzea eta festa desestazionalizatuko duten kultura-jarduerak sustatzea dira programaren helburuak, baita jaiaren balio positiboak komunikatzea eta jasangarritasuna eta bizikidetza lantzea ere.

Jarduketa hau PSTD Iruña SF365 proiektuaren barruan dago, eta Europako Next Generation funtsak finantzatzen du Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza tresna dira.

Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtetan "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzen erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketetan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!