Sarasate pasealekuak plataforma bakarra izango du eta zuhaitzak errespetatuko ditu

Unai Lako Goñi 2024ko abe. 20a, 13:59

Argazkia: Iruñeko Udala

10 milioi euroko aurrekontua izango du eta 2026ko abendurako amaituko dira obrak

Iruñeko Udalak iragarri du Sarasate pasealekua birmoldatzeko aukeratutako proiektuaren berri. Aurkeztutako bost proposamenen artean Isolineas izeneko proiektu izan da hautatutakoa, Bartzelonako enpresa batek diseinutakoa. Joseba Asiron alkateak eta Borja Izagirre zinegotziak eman dute birmoldaketaren berri. Ezaugarri nagusia, pasealekuak plataforma bakarra izango duela, altuera bakarra mantenduz eta zuhaitzak errespetatuko dira.

Aurrekontua 10,2 milioi eurotakoa da eta horietatik 2 milioi Iruñerriko Mankomunitateak jarriko ditu sareak berritzeko. Borja Izagirre Hiri Bizigarri eta Jasangarriko arduradunak azaldu duenez, proiektuan parte hartzeko prozesu bat egingo da, "hobekuntzak" lortzeko. Prozesu hori urtarrilaren 21ean hasiko da, herritarrei jendaurrean aurkeztuta, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan. Epea irekiko da hobekuntza-ideiak jasotzeko, otsailaren 15era arte. Horiekin guztiekin, proiektu arloko espezialistek ebaluazio tekniko bat egingo dute, eta horien ondorioak erredakzio-taldeari emango zaizkio. Aste Santuan behin betiko proiektua izatea aurreikusten da. Maiatza eta uztaila bitartean, obrak lizitatuko dira, 2025eko sanferminen ondoren hasi ahal izateko. Epeak betez gero, obra 2026ko abenduan amaituta egongo da.

 

Proiektuaren nondik norakoak

24.000 metro koadro hartzen ditu proiektuak, pasealekua bera eta inguruko kaleak. Diagonalen trazaduran oinarritzen da, 25 metrotik behin bananduta, eta horiek aukera ematen dute iparraldeko espaloia (San Nikolas elizakoa) eta hegoaldekoa (Correosena) modu jarraituan eta aldapa esanguratsurik gabe lotzeko. Horretarako, erdiko plataforman kota murriztea aurreikusten da, denda eta atarietarako sarbideetan kota mantenduz.

Iparraldeko eta hegoaldeko fronteen arteko lotura, erdiko plataformaren bidez, parterreen artean pasabideak irekiz egiten da. Parterre horiek jatorrizko garaierari eutsiko diote, baina pasealekuan zehar hesi jarraitu bat osatu beharrean, hamasei berdegunetan banatzen dira, zuhaitz bat edo gehiago elkartuz. Horrela, oinezkoentzako pasabideak sortuko dira Alde Zaharraren eta Zabalgunearen artean, zuhaitzei eragin gabe. Zurezko bankadak aurreikusten dira.

Zuhaitz guztiak salbatzea aurreikusten du proposamenak: 74 jatorrizko tokian eta beste hiruak lekualdatuko dira. Zuhaitzen inguruan, kota-aldea gainditzeko, zurezko plataformak eta bankadak diseinatuko dira, egonlekuak sortzeko, eta kultura-ekitaldi eta -jardueretarako espazio bihur daitezke, harmaila gisa. Hegoaldean, berriz, zerbitzuak bilduko dira, hala nola hiriko autobus-geltokiak, komun auto garbigarriak, bizikleta-ibilbideak eta zerbitzu eta larrialdietarako prestatutako erreiak, edukiontziak, bizikleta-aparkalekuak eta zamalanetarako erreserbatutako plazak.
 Ardatz nagusia espazio libre gisa planteatzen da, azoka txikiak eta azokak hartu ahal izateko. Proiektuak tonbola tradizionalaren antolamendua aurreikusten du.

Diseinuak pasealekuko bi muturren birformulazioa ere barne hartzen du, Parlamentua eta Nafarroako Jauregiarena. Azken gune horretan kokatuko da Pablo Sarasateren omenezko eskultura.  Musikari iruindarraren figura eserita egongo da, plaza berri baten erdian.  Beste muturrean, Nafarroako Parlamentuaren ondoan, beste lan artistiko bat jarriko da, Jorge Oteizaren 'Preso politiko ezezagunaren monumentua' eskulturaren instalazioa, atari gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!