Azken asteotan arrakala sakonak sortu dira Erorien Monumentuaren inguruan, baina ez Iruñeko Zabalgunean 1942an frankismoari gorazarre egiteko altxaturiko eraikin arranditsuaren barruan, baizik eta frankismoaren aurkako eragileen artean.
Nafarroako Parlamentuan zein Iruñeko Udalean, indar politiko aurrerazale guztiak dira adieraberritze horren aldekoak, Zurekin izan ezik. Memoriaren aldeko herri mugimenduan -beraz, sarri biktima elkarte ere badiren taldeen artean-, berriz, egoera simetrikoa da: ia guztiak daude eraispen erabatekoaren alde eta hartara adieraberritzearen aurka.
Ikusteko dago noraino iristen diren arrakalak, haustura izatera heltzen diren, Iruñea bezalako hiri buruzagi batean, non tira-bira latzak izan diren harlauzen eta galtzada-harrien zaleen artean; zeinean, besteak beste, EAJ eta EA, Batasuna eta Aralar eta AEK eta IKA banandu diren.
Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko Zaharrak Berri solasaldian, talka egin gabe kontrajarri dituzte eraispenaren aldeko eta kontrako argudioak.
Edurne Egino: “Monumentua harriz-harri desmuntatu behar dugu, arrazoiz-arrazoi”
Edurne Egino sendagile erretiratuak sutsuki egin du eraispenaren alde: "Ez dut ulertzen adostu dena adostea. Oraindik erantzun gabeko galdera bat dago: zergatik PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik ez dute eraitsi nahi? Ez dago erantzunik. Baten batek esan du oso garestia dela. Nik beti adibide bera jartzen dut: kartzela eraitsi zen momentuko espediente batekin. Udalean nengoen orduan. Hamabost egunean tramitatu zuten espedientea, inoiz baino azkarrago, eta 50.000 euro kosta zen. Zergatik? eraitsi zuenak material guztia eraman zuelako, saltzeko. Zuek badakizue Erorien Monumentuko arbelak, harriak, hor dagoen guztiak zenbat balio duen? Ez dut esaten eraispena bonbardatuz egin behar denik. Desmuntatu behar da, harriak banan-banan hartuta, eta hori oso pedagogikoa izango litzateke, historian erakusteko hura eraikitzeko arrazoi horiek guztiak desmuntatu egiten ditugula, bata bestearen atzetik. Galdera horri erantzuten ez dioten bitartean, bururatzen zaidana da duela 40 urte Felipe Gonzalezekin boterera iritsi zenean, PSOEk ahaztu egin zituela gerrako eta frankismoko umiliatu guztiak. Orain gauza bera egiten ari da, biktimak zapalduz. Parlamentuan lehendabiziko agiriak eman zitzaizkienean frankismoaren biktimen senideei, Justizia ministro izandako Ramon Jauregi han izan zen, eta haren diskurtsoa lotsagarria izan zen, justifikatu baitzuen 40 urtean biktimak ahaztu izana. Familien aurrean. Barkamena eskatzeko momentua zen, baina ezta pentsatu ere".
Aingeru Epaltza: "Ez dut uste adieraberritzea behin betiko aterabidea denik"
Aingeru Epaltza itzultzaile jubilatuak ez ditu gauzak Eginok eta Zabaletak bezain argi: "Denok izaten ditugun amets erotikoen artean hori ere izan dugu: Erorien Monumentuaren leherketa ez kontrolatua, noizbait hor orube zelai bat ikustea, gainera Elo aldera ikusmena hobetuko ligukeena. Gai honetaz tripekin mintzatu behar izanez gero, nire kasuan eta nik ezagutzen dudan jende gehienaren kasuan, erranen nuke eraits dezatela, eta bakea. Dena dela, onartu behar gauzak konplikatuagoak direla, indar korrelazioa zein den garbi dagoelakoz, eta nik ere uste dudalakoz gaiari nolabait konponbide bat eman behar zitzaiola, ez zela pasatzen ahal bertze legegintzaldi bat afera hori konpondu gabe, edo aterabide bat eman gabe, ez baitut uste akordioak konpontzen duenik. Seguru nago ez dela behin betiko konponbidea izanen. Zer gertatuko da UPN bueltatzen bada? Itzuliko balitz eta mamotretoak hor segituko balu, berdin-berdin erabaki lezake adieraberritzea bertze norabidean, beti egonen delakoz aukera hori".
Patxi Zabaleta: “Monumentua faxismoaren aurkako signifikazio ideologikoa hartuko du, hori da garrantzitsuena”
Patxi Zabaleta euskaltzain emerituak irmoki egin du adieraberritzearen alde: "Nik akordioaren alde bozkatu dut bilkide [EH Bilduko burkide] moduan, %83k bezala. Egia esan, bozkatu genuen gehienon artean, urte askotan zehar esan izan dugu monumentu hori bota egin behar zela. Gauza jakina da. Baina gauza bat da nahi izatea eta beste bat ahal izatea. Hor badaude arrazoi juridikoak: memoriaren foru legea azken aldiz eraberritu zenean, zuzenketa bat aurkeztu zen monumentu hori bota ahal izatea bideratzeko, eta ez zen aurrera atera, hain zuzen ere alderdi sozialistak eta Ahal Duguk horren kontra bozkatu zutelako. Beraz, orain kalifikatua dago eta ezin da nolanahi bota. Badaude ere arrazoi politikoak eta beste zailtasun asko. Duela 45 urte, 1979an Iruñeko Udalean sartu ginenean, hori berehala planteatu zen, eta planteamendu hartan alderdi sozialista kontra atera zen. Duela hilabete gutxi, garai horretako alkate sozialista Julian Balduzi eta bioi elkarrizketa egin ziguten, batera, eta gai hau atera zen, eta jarrera berdintsuak genituen. Adieraberritzearen posibilitate hori, iruditzen zait oso apustu handia dela eta positiboa, ez delako bakarrik sinbolismoa, aldi berean bada maila ideologiko batean ematen den urratsa. Monumentu honek orain 82 urte ditu, eta 82 urteren burura ikur maila eta signifikazio politiko eta ideologikoaren mailan buelta eman izana oso aurrerapauso handi bat da. Izango litzatekeela beti amestu duguna? Ez, ez da beti amestu duguna, baina bada oso sakona. Horregatik eskuina atera da hain zital, hain petral, hain mesprezuzko moduan Maravillas Lanbertori buruz esan dituenak esanda. Zer gertatuko da UPNk berriro agintea hartzen badu? Nik ez daukat horren beldurrik. Lehenik eta behin, ez duelako hartuko, eta bigarrenik Sanjurjoren monumentua kendu zenean gauza bera esan zelako. Sanjurjok bazuen monumentu txiki bat Navas de Tolosa kalean. Urkatu balute bezala kendu zuten, lepotik zintzilik, eta museoan gorde zuten. Eta ez dute berriro jarri. Erorien Monumentua aldatu egingo da, faxismoaren aurkako signifikazio ideologikoarekin, eta hori da inportanteena".