Urteurrena ibilbidearen balantzea egiteko aprobetxatzeaz gain, eskerrak emateko baliatu dute. Boluntarioek, bazkideek, emaileek eta pertsona edo erakunde laguntzaileek egiten duten lana aitortu dute. “herriak bakarrik salba dezake herria” esaldia gogora ekarri dute, nahiz eta nahiago “salbatu beharko ez balu”.
250 boluntario inguruk sostengatzen dute jangela eta haien lana saritu dute urteurren ekitaldian. Jose Miguel Olaiz, Inmaculada Guallar, Julia Albisu, Maria Victoria, Ibai Ganuza, Jose Luis Carreras eta Benjamin Bildarratz eta Koldo Garaioa (Huertas Amigas elkartekoak) saritu dituzte.
Egiturazko arazoa
Erakundeen babesa galdegin dute, “egiturazko pobrezia egiturazko gelditasunaren ondorioa delako”. Izan ere, gero eta pertsona gehiago daude kalean lo egiten Iruñean, azaroaren 13an 51 pertsona aterpetxetik kanpo geratu zirela salatu du Paris 365ek. Halaber, atzerritartasun bulegoan hitzordua eskatzeko eta nazioarteko babesa eskatzeko dauden trabak ere azpimarratu dituzte ere.
Oinarrizko gizarte zerbitzuek ez dutela irtenbiderik ematen nabarmendu dute. Paris 365en haurrei zuzendutako larrialdiko baliabideak ez direla nahikoak aitortu dute. Pariseko despentsaren erabiltzaileek asteko oinarrizko saskia eraman dezakete sei hilabetez. Baina azken urteotan salbuespena arau bihurtu da, eta ia arreta guztiek gainditzen dute epe muga hori. “Paris 365 jantokiko erabiltzaileak gure laguntzari esker mantentzen dira ia bederatzi hilabetez, batez beste, eta joera luzatzen doa”, adierazi dute kideek.
Bitartean, gogorarazi dute edozein ekarpen eta kolaboraziorako bideak zabaldik dituztela, eta une honetan, esnea, olioa, hilekorako produktuak eta pixoihalak behar dituztela.