Manifestu bat sinatu dute hogeitamarretik gora kidek, bat eginez Erorien Monumentuaren inguruko ekimenarekin eta Maravillas Lanberto interpretazio zentroarekin. Memoriaren Elkarteetan aritutakoak eta historialari, idazle eta memorian adituak dira. Batzuk aurretik eraikina eraistearen alde egin zuten, beste batzuk aldiz kontra eta adieraberritzearen aldeko jarrera zuten. Blokeoa gainditzeko akordioan ordea bat egin dute guztiek. Carlos Otxoa, Josu Txueka, Amaia Nausia, Tasio, Edurne Beaumont, Maite Mangado, Ana Barrena eta Fernando Mendiola daude zerrenda horretan, besteak beste. Memoria historikoari hainbat arlotatik ekarpenak egiten dabiltzanak dira. Nafarroan eraildako milaka pertsonen izena eta izana berreskuratu eta duintzeko lan egin dutenak.
Asteazkenean aurkeztutako proposamena urrats garrantzitsua dela iruditzen zaie, oroimen historikorako eta faxismoaren aurkako borrokarako bide berri bat delakoan. Nahiz batzuk eraistearen aldeko manifestuak sinatu aurretik, edo eraldatzearen aldekoak izan edota etorkizunerako proiekzioa bermatuko lukeenaren alde. Orain, eztabaida desblokeatzeagatik eta hiltzaileen omenezko monumentua iraunarazi nahi dutenen aurrean, bide berri hau babesteak merezi duela uste dute.
Maravillas Lanberto Iruñeko erdigunean jarriko duela iruditzen zaie. Interpretazio zentro baten eduko antifaxista, apologia frankistaren sinboloak izaera pedagogikoarekin erabiltzeko kendu edota ezkutatuta.
Irtenbideari jarritako musika gustatu zaiela diote, baina, letraren zain adi egonen direla.