“Erorien Monumentua 1942an eraiki zen 36ko altxamendu kolpista eta ondorengo erregimen totalitario frankista goraipatzeko. Horren aurrean indar sinatzaileok uste dugu irmo, argi eta adierazkor jokatu behar dela” hitz hauekin abiatzen da PSNk, EHBilduk eta Geroa Baik sinatu duten akordioa, Erorien Monumentuaren birmoldaketa adosteko. Testuak orain arte emandako pausuak gogoratzen ditu, hala nola Askatasunaren plazaren izendapena edo ta Mola eta Sanjurjo militar frankisten gorpuak bertatik ateratzea. Europan eta mundu osoan ideia faxistek indarra hartzen ari diren unean, hiru alderdiek uste dute une aproposa dela, Iruñearen erdigunean dagoen eraikin frankista hau adieraberritzeko.
Akordioak eraikinaren birmoldaketa fisiko eta sinbolikoa planteatzen du. Frankismoarekin zerikusia duen sinbologia kendu eta faxismoa salatzeko eta memoria demokratikorako interpretazio espazio bat bertan izatea. Larragako frankismoaren biktima Maravillas Lamberto neskatilaren izena hartuko du guneak. Helburua, gizarteari baina batez ere belaunaldi berriei estatu kolpe frankistak suposatu zuen errepresioa, jazarpena, heriotzak, erbestea…azaltzea.
Akordioak eraikinaren beraren estruktura aldaketa aurreikusten du, batez ere hiri osoan ikusgarri den kupula estaltze edo ezkutatze aldera. Monumentu barruan ere, frankismoaren aztarna gehienak ezabatuko dira, hala nola Mola eta Sanjurjo kolpisten kriptak edo ta Franko beraren bisita gogoratzen duen oroitarria ere. Era berean, beste elementu batzuk mantenduko dira, kupula barruan dauden Ramon Soltzen margo faxistak esate baterako; “Europa suntsitu zuen faxismoaren ikuspegi suntsitzaile, supremazista, belizista eta askatasunaren aurkakoaren erakusle, pinturak azterketa kritikoa egiteko erabiliko dira, helburu hezitzaile, pedagogiko edota akademikoetara mugatutako ikustaldien bidez, eta publiko orokorrarentzat ezkutuan geratuko dira” dio akordioak. Interpretazio guneko edukiak, NUPeko Historia katedrarekin eta beste unibertsitateetako adituekin landuko dutela diote alderdiek.
Orain, Iruñeko Udal Gobernu taldeak, irizpide hauek jarraituko dituen proiektu lehiaketa martxan jarriko du eta gizartearendako azalpen prozesu pedagogiko bat.