Festetan eta tabernetan indarkeria sexistari erantzuteko protokoloa berritu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 19a, 06:42

Gau giroa, Iruñeko taberna batean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Protokoloa gaur, hilak 19, aurkeztuko dute, Kondestablearenean, 18:00etan, mahai-inguru baten bitartez

Iruñeak festarako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloa eguneratu du. Protokolo hori indarkeria sexistei aurrea hartzeko, biktimei arreta emateko eta indarkeria mota horiei buruz sentsibilizatzeko tresna bat da. 2019an behin betiko onetsi zen lan-sistema bat da, gizarte-entitateek eta sektoreko antolatzaileek osatutako parte-hartze prozesu batetik sortua.

2023an protokolo hori eguneratu egin zen Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legera egokitzeko (10/2022 lege Organikoa, irailaren 6koa); 2020ko pandemiak izan zuen eraginaren ondorioz, aisialdirako ohiturak aldatu ziren eta aisialdirako ordutegi alternatiboak finkatu ziren, eta une honetan ezarpen-urte hauetan ikasitakoa aztertzen ari dira. Gaur goizean lan-ildoak aurkeztu ditu Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zinegotzi ordezkariak. 

Protokoloarekin bat egin duten aisialdiko lokal eta esperientzia ez iraunkorrek konpromisoak sinatu dituzte sentsibilizaziorako (bezeroekin, talde profesionalarekin eta, oro har, herritarrekin) eta indarkeria sexistako egoerei arreta emateko eta erantzuteko koordinaziorako (protokoloaren printzipioak eta egoerak aplikatuta), eta barne-prestakuntzako prozesuak zehaztu dituzte, hala nola egiturazko neurriak eta espazioen eta aisialdi-eskaintzaren berrikuspena.

Hala, eguneraketa horri esker, ostalaritza-establezimenduak zehatzago tipifikatu dira neurriak ezartzeko orduan (aisialdiko lokalak, taberna eta kafetegiak, ostatuak, jatetxeak eta jatetxe sozialak). Gainera, eragina du lokal eta negozio kidetuen akreditazio-prozesuetan, urtean bi aldiz egiten diren eguneraketetan, bai azken akreditazioan, bai langileek prestakuntza jasotzeko bermean, eta negozioen jabetzan, sektore horretan txandakatze handia baitago.

Izan ere, protokoloan parte hartzeko konpromisoen artean beharrezkoa da, besteak beste, eragile guztiek adostutako genero-indarkerien aurkako arreta- eta erantzun-sistemaren identifikazioan, prebentzioan eta aplikazioan prestakuntza jaso duten langileak izatea. Udalaren talde teknikoak prestakuntza egiaztatua bermatuko du. Prestakuntza hori doakoa da, urtean bi aldiz eskainiko da, eta eskaintzaren osagarria izanen da, webgunean eskainiko diren berariazko edukien bidez.

Horrez gain, prestakuntza eginen duten eta gaikuntza osatu nahi duten (aukerakoa) pertsonek prestakuntza-kredituen baliokidea baliatzen ahalko dute. Prestakuntza-kreditu horiek Udalak (zuzenean edo beste eragile batzuekin lankidetzan) bultzatutako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzetan parte hartu izana justifikatzen dutenean jasoko dituzte. 

Aurkezteko mahai-ingurua
Linking Ideas komunikazio estrategikorako aholkularitza ari da eguneraketa-prozesu hori koordinatzen, eta Kondestablearen jauregian eginen den mahai-inguru batean aurkeztuko da, azaroaren 19an, asteartearekin, ‘tabernetan, diskoteketan, jaialdietan, kontzertuetan... Indarkeria sexistarik ez!’ izenburupean. Mahai-ingurua  18:00etatik 19.30era eginen da, eta hauek hartuko dute parte: Pilar Kaltzada González Linking Ideas agentziako kazetari eta aholkulariak; Nerea Barrjola Ramos Feminismoetan eta Generoan doktoreak eta Amaia Díez Rodriguez gaueko aisialdiko eta droga kontsumitzeko guneetako indarkeria sexualari buruzko Noctámbul@s - Behatokiaren kideak. 

Jardueraren irekiera Zaloa Basabe Jiménezek eginen du, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zinegotzi ordezkariak.   Jorratu beharreko gaiak, Iruñeko protokoloaren aldaketaz gain, indarkeria sexualak eta sozializazioa eta gaueko aisialdian indarkeria sexistei erantzutean izandako esperientziak izanen dira. 

Iruñeko festarako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloa hiriko ostalaritzako lokal eta elkarteek eskatu zuten, eta Herritarren Segurtasuneko, Ogasuneko, Merkataritzako eta Turismoko udal-alorrekin egindako elkarlanarekin sortu zen; gainera, aipatu udal-alorrez gain, honako hauek ere hartu zuten parte: Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua (EUAZ), Iruñeko ehun sozial eta feminista, Gora Iruña, Iruñeko Peñen Federazioa, Nafarroako ostalaritza elkarteak (ANAPEH, ASBANA, AEHN), aisialdi aretoak/tabernak (Zentral, El Terminal, Herriko Taberna, La Antigua Farmacia, Ozone) eta Iruña Rock musika jaialdia.
 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!