Duela 150 urte hirira ur hornidura ekarri zuen Salvador Pinaquy gogoratu du Iruñeak

Haritz Pascual Garjon 2024ko aza. 6a, 12:42

Karlistek ezarritako setioa saihestu eta 2 hilabetez edan gabe izan ziren iruindarrei ura eraman zien Pinaquyk. Bere galdategia zegoen tokian, kale nagusiko 14.zenbakian, plaka oroigarria paratu du Udalak.

“Orain dela 150 urte, gaur bertan, azaroaren 6an, Iruñea egoera larrian zegoen” azaldu du Iruñeko alkate Joseba Asironek, “Irailetik azarora Karlistek Iruñea blokeatu zuten eta ur hornidura moztu zuten. Horrek epidemia, gaixotasunak eta egarria zabaldu zuen. Salvador Pinaquyk galdategia zuen eta aurkitu zuen ura Iruñera ekartzeko bidea. Gaurko egunez baina duela 150 urte egun handia izan zen hirian, ura iturrietatik berriz ere ateratzen hasi zelako. Erraldoi eta kilikiak atera zituzten kalera eta Pinaquyri hiriko urrezko domina eman zioten sari moduan”.

150 urte geroago Iruñeak ez du ahazte Salvador Pinaquyren lana eta horregatik Udalak plaka oroigarria jarri du bere galdategia egon zen tokian, erakusketa antolatu du Iruñeko Udaletxeko atarian eta arratsaldean mahai ingurua izanen da Victor Manuel Egia eta Pedro del Guayo historialariekin Joseba Asironek berak aurkeztuta. Arraldeko 19:30ean izanen da Gazteluko Plazako Nuevo Casino-n.

“Pinaquyk ekarpen handia egin zion Iruñeari kale Nagusiko bere lantokitik” adierazi du Asironek, “Bere koinatu batek eman zion jarraipena galdategiari Pinaquy hil zenean, Martin Sancenak eta Casa Ancena izena eman zion enpresari eta hemen fabrikatu zen Iruñeko altzarigintza guztia: bankuak, estolderia tapak, lehoiaren iturri famatuak.

 

Ur hornidura itzuli zela ospatzeko festa Gazteluko plazan 1874ko azaroaren 4ean. Iruñeko erraldoien konpartsaren argazkirik zaharrena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!