‘Eduki sentikorrak’ ikusarazteko zinema zikloa antolatu dute hemeretzigarrenez IPES Fundazioak, GOLEM Zinemek, Felipe Rinaldi Fundazioak eta Mugarik Gabe Nafarroak. Giza eskubideen urraketa salatu nahi dute pantaila handiari esker. Mundu osoan gertatzen diren desberdintasunak, gatazkak, giza eskubideen urraketak, zigorgabetasuna eta mugaz gaindiko beste hamaika errelato kontatzeko zinema zikloa da.
Gizartea sentsibilizatu, begiak ireki eta herritarrak aktibatzea bilatzen du ekimenak. Horretarako, goizez ikasleentzako saioak antolatu dituzte. Te estoy amando locamente (2023), Close (2022) eta Rafiki (2018) filmak dira aukeratutakoak eta bakoitzaren ostean solasaldia egingo dute. EHGAM, Juan Arteaga eta Alicia Pano izango dira hizlari, hurrenez hurren.
Sexu-erasoak, etxebizitza eskubidea, lan esplotazioa eta okupazioa
Arratsaldeetako emanaldiak 19:30ean hasiko dira eta sarrerak sei euroan lortu daitezke, 16.060 egun (2024) filma ikusteko izan ezik, doako pasea da eta. Azaroaren 11n, astelehena, Juana Maciasen Las chicas de la estación (2024) pantailaratuko dute. Hiru neska gazte adingabeen zentro batean hazi dira, baldintzarik gabeko maitasuna zer den jakin gabe. Dirurik ez, eta geltokiko komunetan helduekin hitzorduak edukitzea erabakitzen dute diruaren truke. Juana Macias zuzendaria eta Maria Steelman protagonistetako bat arduratuko dira filmaren osteko eztabaidaz.
Donde vamos a vivir. Mujeres contra el desahucio (2024) filmak etxebizitza duina izateko eskubidea lantzen du. Azaroaren 12an izango da emanaldia eta Georgina Cisquella filmaren zuzendaria izango da solasaldirako gonbidatua.
Lan esplotazioa eta kapitalismoa jartzen ditu mahai gainean Laura Carreira ren On falling (2024) lanak. Lantokiko hormen eta etxebizitza partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora bakardadeari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatuko da. NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasle Begoña Perez Eransusek gidatuko solasaldia. Emanaldia, asteazkenean, azaroaren 13an izango da.
Osteguneko saioan Israeldarren okupazioa eta Palestinarren erresistentzia jorratuko dute No other land (2024) filmaren bitartez. Lidon Soriano erizaina, fisioterapeuta eta GKE bateko kideak hartuko du filmaren ondoren hitza.
Euskaraz, memoria historikoa eta erreparazioa
Ostiralean, doako saioa antolatu dute 16.060 egun (2024) lana ikusteko. Arratsaldeko 17:30ean da hitzordua eta Iñaki Alforja dokumentalaren zuzendaria eta Eneko Etxeberria ‘Naparra’-ren anaia dira gonbidatuak. 19:30ean, Amaia Merino eta Ander Iriarteren lana egongo da ikusgai. Egia, justizia eta erreparazioa landu dute zuzendariek Indarkeriaren oi(h)artzunak (2024) ikus entzunezkoan. ETAk familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta handik 40 urtera, Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezin bati ekingo dio.