Iruñeko Udalak utzitako hiru lursailetan alokairu eskuragarriko 280 etxebizitza eraikiko ditu Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 23a, 06:42

Joseba Asiron alkatea eta Begoña Alfaro kontseilaria, udaletxean, akordioa sinatzen. (Argazkia: iruñeko Udala)

Orubeak Arrosadian eta Ermitagañan daude, proiektua Nasuvinsak garatuko du eta etxebizitzen% 65 Iruñean erroldaturiko gazteendako izanen dira.

Iruñeko Udalak hiru udal-lurzati jarri ditu Nafarroako Gobernuaren eskura alokairu sozialeko etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko. Joseba Asiron Saez alkateak eta Begoña Alfaro García lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak lankidetza-protokolo bat sinatu zuten atzo.

Lankidetza-protokolo horren bidez, udalak lurzatiak Nasuvinsa enpresa publikoari utziko dizkio eta, aldi berean, foru gobernuak konpromisoa hartuko du gutxienez etxebizitzen %65 hirian erroldatutako gazteen eskura jartzeko. Jarduketa horien ondorioz sortuko diren eta Etxebizitza Eskuragarriaren Udal Planean sartuta dauden gainerako etxebizitzek familia zaurgarriendako izanen dira.

Neurriak Arrosadian eta Azpilagañan dauden hiru lurzatiri eraginen die. Hasieran, zuzkidurarako aurreikusiak izan ziren lursail horien erabilera aldatu eginen da, 280 etxebizitza inguru hartzeko, eta guztiak alokatzeko erabiliko dira.

Lurzatietako bat Azpilagañan dago, Miguel Astrain kalearen eta Azpilagañako ingurabidearen artean, eta aparkaleku moduan erabiltzen den eremu bat da gaur egun. Han 90 etxebizitza egitea da asmoa.

Beste bi lurzatiak Arrosadia-Lezkairun daude. Handienak 122 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen du, eta Fernando Remacha, Ultzama errekaren eta Blas de la Serna kaleen artean dagoen etxadiaren zati handi bat hartzen du. Bigarren lurzatian 60 eta 70 etxebizitza artean eraikiko dira eta Fernando Remacha kalean dago, Nafarroako Unibertsitate Publikotik hurbilen dagoen aldean. 

Protokolo hori sinatu ondoren Joseba Asiron Saez alkateak haren garrantzia azpimarratu du gogora ekarriz “udalak bultzatutako etxebizitza babestuen sustapenean ezerezean gelditu den legegintzaldi- baten ondoren” iritsi dela  eta onuradunak  “gazteen emantzipazioa eragozten duen eta egoera zaurgarrienean dauden familien ekonomiak oztopatzen dituen baliabide bat izateko premia handiena duten pertsonak” izanen direla, hain zuzen ere.

Bestalde, Begoña Alfaro García lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak zera azpimarratu du: “protokoloa sinatzea urrats bat gehiago da etxebizitzarako sarbidean Nafarroa bidezkoagoa eta berdinzaleagoa  izan dadin. Aldi berean, adierazi du haren departamentuan lanean ari direla “nola edo hala saihesteko espekulazioari mesede egiten dioten, jendea beren auzoetatik kanporatzen duten eta gure hiriak turistendako eta inbertitzaile handiendako erakusleiho bihurtzen dituzten ereduak”. “Etxebizitza publiko eta eskuragarria ez da aukera bat, behar bat baizik”, esanez amaitu du.

75 urterako lagapenaren truke, Udalak erabilgarri izanen ditu beheko solairuko lokalak

Protokoloak zabalik uzten du Iruñeko Udalak etorkizuneko eraikinen beheko solairuen erabilerak  sortzen ahal diren gizarte- eta hiri-beharren arabera ezartzeko aukera. Horrela, gune horiek bizitoki gisa edo udal-ekipamenduetarako erabiltzen ahalko dira. Lurzatien emakida gehienez ere 75 urterako izanen da. 

Etxebizitzak eraiki ahal izateko, Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsak geroko hitzarmenak sinatu beharko dituzte. Nasuvinsa etxebizitzaren arloko Nafarroako Gobernuaren erakunde instrumentala den aldetik, hari dagokio  etxebizitzen sustapena gauzatu eta kudeatzea. Hitzarmen horien edukian emakidaren xede diren  lurzatietako bakoitzaren hirigintza-baldintzak  eta eraikuntza-ezaugarriak zehaztuko dira. 

Eragiketa hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian arautzen da, zeinean honako hau ezartzen baita: “Planeamenduan toki zuzkiduretarako gordetako azaleraren 100eko 5 bitarte erabiltzen ahalko dute toki entitateek, horretarako arrazoiak emanez, bertan alokairuaren araubideko etxebizitza babestuak edo erabilera-lagapeneko araubideko etxebizitza babestuak eraikitzeko, foru lege honen 239. artikuluan eta horrekin lotutakoetan aurreikusitako azalera-eskubidearen lagapena baliatuz, edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz, betiere ziurtatzen bada azalera horrek toki entitatearen ondarekoa izaten jarraituko duela." (LEX Navarratik hartu dut)(Toki-erakundeek, behar bezala justifikatuta, plangintzak tokiko zuzkiduretarako ezarritako azaleraren % 5 gehienez alokairuko etxebizitza babestuak edo erabilera-lagapeneko erregimeneko etxebizitza babestuak eraikitzeko erabili ahal izango dute, azalera-eskubide lagaz edo Zuzenbidean onartutako beste edozein modutan, betiere azalera hori Toki-erakundeen ondarearen barruan mantenduko dela bermatzen bada.”

Etxebizitza Eskuragarriaren Udal-Planaren barruko jarduketa bat

Lurzatiak lagatzeko protokolo hau Joseba Asiron Saez alkateak joan den otsailean aurkeztu zuen Etxebizitza Eskurgarriaren Udal-Planaren barruan kokatzen da. Udal-plan hori Iruñeko Udaleko gobernu-taldearen eta Udaleko Sozialisten taldearen arteko akordioari esker gauzatu zen. Planak aurreikusten du datozen 8 urteetan babestutako 1.200 – 1.600 etxebizitza inguru sortzea, Donapeako garapenaren ondorioz sor daitezkeenez aparte, horiek garatuz gero etxebizitza babestuen kopuru totala 4000ra igo baitaiteke. 

1.200 – 1.600 etxebizitza babestuen arteko tarte horretatik, 600 inguru alokairu sozialera bideratuko dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen honetatik sortuko direnak. Planakalokairu sozialeko 402 etxebizitza sortzeko zuzkidura-lurzorua erabiltzeko aukera jasotzen du etxebizitza eskuratzea errazteko aurreikusitako jarduketen artean. Lurzoru horren zati bat orain lagatu diren lurzatiei dagokie. Hala ere, badira oraindik garatu gabeko beste batzuk Buztintxurin, Arrosadian, Azpilagañan, Txantrean, Ipar Etxabakoitzen, Arrotxapean, Donibanen eta Sanduzelain. Horietan guztietan, alokairu sozialeko etxebizitzez gain, Udalak gazteen emantzipaziorako ostatuak, elkarlanerako ostatuak eta adinekoendako apartamentu babestuak garatzea aurreikusten du.

Otsailean aurkeztutako dokumentuan jasota dago dagoeneko etxebizitza sozialen sustapenen % 65 gazteendako izatea eta gainerako % 35a familia zaurgarriendako, baita etxabeen zuzkidura- eta merkataritza-erabilerak aldatzea ere, etxebizitza gisa gaitzeko.

Gaur sinatutako protokoloak berak gogorarazten duenez, Etxebizitza Eskuragarriaren Planak “etxebizitza eskuragarria, duina eta egokia lortzea erraztu nahi du, gero eta konplexuagoa den egoera baten aurrean kohesio soziala zaindu nahi du, eta klima-aldaketa arintzeko, horretara egokitzeko eta haren aurrean erresilientzia garatzeko erronkari aurre egin nahi dio, aldi berean hiriaren jarduera eta dinamismo ekonomikoa mantenduz”. Esparru horretan garatuko dira, halaber, hitzarmen hau sinatzearen ondoriozko jarduketak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!