Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko 36 proposamen daude mahai gainean

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 22a, 11:05

Iruñeko Udalak irailean deitu zuen ideia lehiaketa eta emaitza 36 proposamen izan dira. Aralar kalean, zezen plazaren atzealdean kokatuko da eraikina. Pilotaren munduan erreferente izatea nahi dute eta ‘Iruñea, Pilotaren Munduko Hiriburua’ proiektuak hartzen du barne zentroaren sorrera.

Proposamen erauntsia jaso du Iruñeko Udalak Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko. Guztira 36 ideia jaso dituzte, 24 erregistro bidez eta hamabi posta arruntez. Epaimahaiak aukeratuko du azaroaren erdialdean zeintzuk diren bost onenak eta ondoren, parte hartze prozesuan herritarrek erabakiko dute, bakoitzari dagozkion proposamen eta iradokizunak gehituz. Pilotaren munduko eragileek ere izanen dute zer esanik proiektuen inguruan eta 2025 lehen hiruhilekoan egingo da parte hartze fase hori.

Iritziak jasota, aldaketak egin, eta ondoren, epaimahai tekniko batek hartuko ditu proposamenari buruzko azken erabakiak. Uda baino lehen zehaztu nahi dute zein den proiektu irabazlea eta orduan, erredakzio-taldeak hiru hilabete izango ditu proiektua idazteko. Beraz, uda ostean hastea obrak da aurreikuspena, eta Horretarako, Iruñeko Udalak 6,5 milioi euroraino inbertituko ditu. 

Obraren inbertsioa alde batera, ideia onenak diruz sarituko dituzte;  125.000 euro ideia onenarentzat eta aukeratutako bost proposamenetako bakoitzarentzat 20.000 euro. Gainera, gehienez bost accesit edo errekonozimendu eman ahal izango dira, bakoitza 5.000 eurokoa.


Proiektuen nondik norakoak

Proiektua Interpretazio Zentroak izango dituen erabilerak aintzat hartu behar dituzte proiektuek. Euskal pilotari buruzko ezagutza sortzeko gune baten edukiak alde batera utzita, eraikinak administrazio-bulegoak izan beharko ditu, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa hartzeko. Gainera, zentroan funtzio anitzeko erakusketa-espazio bat aurreikusten da, prestakuntza eta ikerketa uztartzeko.  izateko.

Zentroa eraikitzeko lurzatiak 1.585,4 metro karratu ditu eta Labrit pilotalekutik eta Jito Alaitik gertu dago, Aralar kalean, zezen plazaren atzealdean. Zentroa erreferentziazko leku izatea nahi dute, bai toki mailan, baita nazioartean ere. Hartara, 'Iruña, Pilotaren Munduko Hiriburua' proiektuaren baitan gauzatuko da, kirol federazioen eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!