Iruñeko Bitartekaritza Komunitarioko Bulego berria martxan da

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 16a, 06:52

Iruñeko Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa, Irunlarrea kalean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Lehendakaritza Batzordeak Irunlarrea kaleko instalazioak bisitatu ditu; bertan, aurrez hitzordua hartuta eta beste udal zerbitzu batzuek bideratuta eginen da arreta.

Iruñeko herritarrek auzokideen arteko gatazkak konpontzeko zerbitzu berri bat izanen dute. Bitartekaritza Komunitarioko Bulego bat da, Udaltzaingoak bitartekaritzarako eta elkarrizketarako gaitutako tresna berria. Bulego berria Irunlarrea kalean dago, eta erabili ahal izateko beharrezkoa da hitzordua aurretik eskatzea edo beste udal zerbitzu batzuek bideratuta joatea. Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean. Instalazio horien bidez auzokideen arteko gatazka-mota desberdinak konpontzea espero da. 

Hasiera batean, Bitartekaritza Bulegoa hainbat arazori  heltzeko pentsatuta dago, besteak beste elkarbizitza arazoei, zaratei, usainei, obrei, osasungarritasunari, maskotei edota espazio publikoen erabilerari. Horren bidez, saihestu nahi da mota horretako gatazkak epaitegietan amaitzea. Komunitate Poliziako sei agentek bitartekari lanak eginen dituzte gatazka horien ondorioz kaltetuak izan direnen artean. Izan ere, auzo bakoitzeko Komunitate Polizia da, hain zuzen ere, Bitartekaritza Bulegora joateko lehen kontaktua. Asteroko patruilatzeen bidez, Iruñeko auzo bakoitzeko erreferentziako udaltzainek bizilagunen arteko arazoak ezagutu ahal izanen dituzte eta bizilagun horiek nahi izanez gero, Bitartekaritza Bulegora bideratuko dituzte. 

Hala ere, posible da inplikatutako pertsonak zerbitzu horretara joateko eskaera haien kabuz eskatzea; horretarako, eskaera edo eskabidea aurkeztu beharko diote Udalari edo Udaltzainburuari. Era berean, udal-alorrek, beharrezkotzat jotzen badute, pertsonak gatazkak konpontzeko tresna horretara  bideratu ahal izanen dituzte. Kasu bakoitza aztertu ostean, bitartekaritzarako aukerarik baden baloratuko da, edo, aitzitik, legezko bideen bitartez ebatzi beharreko gaiak diren. 

Borondatezkotasuna eta doakotasuna
Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa doako zerbitzu gisa dago konfiguratuta. Pertsonak boluntarioki joan daitezke bizilagunen arteko gatazkak konpontzeko zerbitzu horretara. Borondatezkotasuna da, hain zuzen ere, oinarrizko irizpidea. Inplikatutako alderdi guztiek bitartekaritzara jotzeko nahia izan beharko dute eta prest egon beharko dute Udaltzainek proposatzen duten irtenbidea onartzeko. Konponbidea adostu egin beharko da.

Esperientzia pilotu horrek batez ere bitartekaritzan trebatutako Komunitate Poliziako agenteak ditu. Haien lana izanen da inplikatutako alde guztien datuak eta iritziak biltzea, bertsio guztiak entzutea eta aldeen artean elkarrizketa erraztea, betiere inpartzialki eta bitartekotza eginez, elkarren artean ados jarri eta akordio batera heltzeko gai izan daitezen. Bitartekariaren papera inpartzialtasunean, neutraltasunean eta konfidentzialtasunean oinarritzen da. 

Bitartekaritza Bulegoan arreta emanen duten langileak Komunitate Poliziako agenteak dira, unibertsitate-tituludunak edo Lanbide Heziketako goi-mailako tituludunak, eta gainera, bitartekaritzako berariazko prestakuntza jasotakoak. Kasu bakoitzari agente-bikote baten bitartekaritza esleituko zaio, eta agente horiek auziko instruktore gisa arituko dira. Behin informazio guztia jasota eta auzian inplikatutako alderdi guztiekin bildu ondoren, behar bezainbat  talde-saio adostuko dira, alderdiei beren kabuz akordioak eta irtenbideak lortzen laguntzeko. Azken akordio bat lortzea da helburua, alderdi guztiek onartu eta sinatuko dutena, eta bitartekaritza-agenteen ardura izanen da akordio hori egikaritzen dela gainbegiratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!