‘Gaurko eta atzoko memoriak’ jardunaldia antolatu du SF78 gogoan plataformak

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 10a, 10:54

Urriaren 14tik 19ra bitartean, migrazioa ardatz zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Erakusketa, hitzaldiak eta dokumental emanaldia izango dira programazioan.

Urriaren 15ean Fernando Mendiola Gonzalok eta Libertad Frances Lecumberrik ‘Kapitalismoa eta lan behartua; ikuspegi historiko bat’ hitzaldia eskainiko dute, Plazaran, arratsaldeko 19:00etan. Egun, Europan, Afrikan, Asian eta Amerikan helduen eta haurren esplotazioak irauten du kapitalaren mesedetan  eta jardunaldi honen xedea “errealitate ikusezin hori agerraraztea da”, azaldu dute antolatzaileek.

Asteazkenarekin, Josu Chueca Intxustak eta Aintzane Lasarte Garatek ‘Atzoko eta gaurko erbesteratzeak eta migrazioak’ izango dituzte hizpide. Hurbilen dauzkagun erbesteratzeen arteko kontraste historiko egingo dute. Hitzordua Katakraken izango da arratsaldeko 19:00etan.

Osteguneko proposamenean Europa izango da ardatza. Gutmaro Gomez Bravo eta Beatriz Villahizan Lagunas izango dira hitzaldiaren gidariak eta ‘Atzoko eta gaurko Europako kontzentrazio esparruak’ izena du solasaldiak. 1933az geroztik, Europan, kontzentrazio esparruen gertakaria garatu zen. Egun, ordutik ia mende bat iragan dela, sare zabala ari da eratzen, etorkinak eta errefuxiatuak hartzeko eta laguntzeko politika ororen kontra nabarmenki arituz.

Hitzaldiez gain, dokumental baten emanaldia ere antolatu dute. Aita Mari pantailaratuko dute Kaldereria kaleko aretoan, urriaren 18an, eta Iñaki Goñi Zubiriren eta Isa Egiguren Ezkerroren eskutik izango da geroko solasaldia.

Azkenik, aste osoan zehar, 14tik 19ra bitartean, ‘Ortzimuga txarrantxadunak. Atzoko mugak gaurko hesiak’ erakusketa izango da ikusgai Plazaran. 30 argazki dira guztira eta 1939ko errefuxiatuek eta gaurko migrante eta errefuxiatuek bizi izandako dinamiken argazkiak biltzen ditu erakusketak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!