Antzerki Aroa, asteazkenero euskarazko antzezlan bat

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 7a, 10:23

'Errege begibakarra' antzezlanaren irudia. (Argazkia: Nafarroako Antzerki Eskola)

Lau obra izango dira guztira urriaren 16tik azaroaren 6ra bitartean. Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira emanaldiok eta sarreren prezio orokorra zortzi eurokoa da; euskara ikasleentzat bostekoa eta lau saioetarako bonua hogeikoa.

Errege begibakarra lanak emango dio hasiera zikloari. Inextremis konpainia nafarraren hirugarren ekoizpen eszenikoa da eta Tanttaka Teatro konpainia gipuzkoarrarekin batera ondu dute. Fernando Bernuesek zuzenduko du Marc Crehuet antzerkigile katalanaren testuan oinarritutako lana. Umore beltzeko ukituak dituen komedia soziala da. Zer gertatuko litzateke, afari batean, manifestazio girotik urrun, istiluen aurkako polizia batek eta haren biktimak topo egingo balute? Urriaren 16an taularatuko dute antzezlana arratsaldeko 19:00etan.

Astebete barru, urriaren 23an, Postdatarik gabeko gutunak helduko dira Nafarroako Antzerki Eskolara. Kepa Errastik idatzitako bakarrizketa partekatua da, Xake Produkzioak ekoiztuta. Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko: Ordubete hori posdatarik gabeko gutunak bidali dizkion pertsona ezezagun bati eskainiko dio.

Hirugarren emanaldia urriaren 30ean izango da. Metrokoadroka konpainiaren Artxibo biluzia da hirugarren lana eta Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzentzen dute. Hitzaldi performatiboa, antzerki dokumentala eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da. Agertokian, Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak ikusleekin hartu-emanean ariko dira.

Olagarroa izango da zikloko azken emanaldia, azaroaren 6an emango dio itxiera. Antzerki Aroak eta Ttipiak antzeztutako obra da eta herri bateko hiru emakume, Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola, eta olagarro bat dira antzezlanaren ardatza. Helburu bakarra dute: gorputzetik, plazeretik eta fantasiatik datozkigun erruak, txikiak eta handiak, astintzea.

Sarrerak dagoeneko erosi daitezke Antzerki Eskolaren webgunean eta txarteldegian bertan. Sarrera orokorraren prezioa zortzi eurokoa da eta bost eurokoa euskaltegietan edo Hizkuntza Eskolan euskara ikasten dutenendako. Lau ikuskizunetarako bonua hogei euroan eskuratu daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!