Kontribuzio tasa legezko minimora jaitsiko du Iruñeko Udalak, 2025 igoera konpentsatzeko

Euskalerria Irratia 2024ko ira. 24a, 06:51

2025eko ordenantza fiskalen proiektuak tasa guztiak izoztea eta kontribuzioan %90erainoko hobariak sortzea jasotzen du, egoera pertsonal edo familiarren arabera.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du 2025erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak aldatzeko proiektua. Proiektua onespen-izapidean dagoen Balorazio Txosten berrira moldatzeko egin da; izan ere, eragina baitu hainbat zergatan, hala nola lurraren kontribuzioan; hartara, herritarrek ordaindu beharreko kuotan aurreikusitako igoera murriztu eginen da, karga-tasa % 0,25era jaitsiko baitu, hau da, legezko gutxienekora.   

Proiektuak hobarien atal berri bat jasotzen du lurraren kontribuzioaren barruan, % 90erainokoa izaten ahalko dena. Hobari horren onuradun izaten ahalko dira familia ugariak eta guraso bakarreko familiak, besteak beste, edo kotizazio gabeko pentsioak, Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten pertsonak. Modu horretan, ia hiru hamarkadatan eguneratu ez den Balorazio Txostena eguneratzeak behar gehien dituzten pertsona eta/edo familia-unitateei ekarriko dizkien igoerak leundu nahi ditu Iruñeko Udalak. 

Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariak tasak eta prezio publikoak izozten dituen proiektu horren xehetasunak azaldu ditu, Balorazio Txostenak hiran ezartzen dituen balio-eremuen moldaketaz eta udan kirol-instalazioen prezio zehatzetan egin diren zenbait doikuntzaz harago. Gaur goizean ezagutzera eman den proposamena astearteko Lehendakaritza Batzordean xehatuko zaie udal-taldeei, aztertu eta zuzenketak egin ditzaten. Astebete geroago, Lehendakaritza Batzordean hori ere, irizpena emanen da proiektua Osoko Bilkurara eramateko, eta urriaren 3an, ohiko Osoko Bilkurara eramanen da, hasierako onespena eman diezaion.

Kontribuzioaren karga-tasa legezko gutxienekora
Kontribuzioaren kuota osoa zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik sortuko da. Karga-tasa hori udal-mugarte osorako bateratu da, baina, orain arte ez bezala, hiri- edo landa-unitateak diren zehaztu gabe. Proposamenak % 0,25ean kokatzen du, legezko gutxieneko tasan. Balorazio Txostena onartzeak kontribuzio-zergaren zerga-oinarriak igotzea ekarriko du, eta, ondorioz, herritarrek ordaindu beharreko zenbatekoa handitzea. Iruñeko Udalak zerga-tasa legeak baimentzen dion gutxienekora jaistea proposatu du kontribuzioaren igoera hori leuntzeko.

Gauza bera gertatzen da hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarekin (4. ordenantza fiskala), gainbalioen zerga gisa ezagutzen denarekin ere. Karga-tasa 2024ko % 23tik %17ra jaitsiko da 2025erako eginiko aurreikuspenean. Horrela, kontribuzioarekin bezala, konpentsatu nahi da Balorazio Txosten berriak eta horrek zehazten dituen balio-eremu berriak aplikatzeak zerga-oinarrietan eraginen duten igoera. 

% 90erainoko hobaria egoera pertsonal edo familiar jakinetarako
Familia ugariek, guraso bakarreko familiek edo guraso bakarrekotzat hartzen ahal direnek, eta kotizazio gabeko pentsioak, Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dituztenek % 90erainoko hobaria izanen dute kontribuzioaren zerga-kuotan, etxebizitza ohiko etxebizitza bada. Hobaria aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboaren errenta guztien baturak, errenta salbuetsiena kenduta, ez du lanbide arteko gutxieneko soldata baino lau aldiz handiagoak izan beharko. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) proportzionaltasun horren arabera, hobaria % 10 eta % 90 artekoa izaten ahalko da. 

Hobaria eskatu beharrekoa da, eta onura fiskal horren titular bakoitzaren ondasun higiezin bati soilik aplikatzen ahalko zaio. Zein ekitalditan ematen den, horretarako soilik izanen du balioa, eta ondorioak izanen dituen zergaldiko urtarrilaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean eskatu beharko da. Ordenantzan araututako hobarien aplikazioa aitortzeko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek Iruñeko Udalarekin dituzten tributu-betebeharrak eguneraturik edukitzea.

Hobariak eta karga-tasa jasotzen dituzten artikuluak indarrean sartzeko, ordenantzaren xedapen gehigarri batean jasotzen dena betez, izapidetzen ari den Balorazio Txostenean jasotzen diren katastro-balioek onespena jaso beharko dute eta katastroa kudeatzeko aplikazio informatikoan erregistratu beharko dira. 2025eko urtarrilaren 1ean onetsi eta erregistratu gabe daudelako katastro-balio berriak aplikatzerik ez badago, 2024an indarrean zegoen zerga-tasa mantenduko da, % 3 handituta, eta ez da indarrean jarriko familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo guraso bakarrekotzat har daitezkeenendako zein kotizaziorik gabeko pentsioak, Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenendako hobaria.

Balorazio Txostenak beste ordenantza fiskal batzuetan duen eragina
1. ordenantza fiskalak ere, lurralde-kontribuzioari buruzkoak, hobariak jasotzen ditu eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako. Ordenantzaren idazkera berriaren arabera, bete beharreko baldintza da instalazioa legeztatu ondorengo hiru zergaldietan instalatu izana. Ordenantzak hobariaren ehunekoa % 50ean bateratzen du, baita emakida kudeatzeko prozedura ere.

Balorazio Txostenaren behin betiko onespenak beste ordenantza fiskal batzuei eragiten die, eta, beraz, horiek ere Txostenak ezarritako balio-eremu berrietara egokitu beharko dituzte tasak. Iruña 19 eremu fiskaletan banatzen da, eta araubidea, tasa edo portzentajea ezberdinak dira kontzeptuaren arabera. 19. ordenantza fiskalaren eranskinak aldatzea proposatzen da, Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusibo gisara erabili, ibilgailuak gelditu eta edozein motatako salgaien zamalanak egite aldera bertan tokia erreserbatzeko ordaindu beharreko tasak arautzen dituenarenak, baita 20. ordenantza fiskalaren eranskinak ere, zeinak hiriko jabari publikoko lurzoru-, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak ezartzen baititu.

Azkenik, 21. ordenantza fiskalaren titulua berridaztea proposatzen da. Hemendik aurrera, hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek hiriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza deituko da. Izen berriak erabilera pribatiboagatik ordaindu beharreko tasen kontzeptua jasotzen du, egungo ordenantzan aipatzen ez dena.

Haur eskolen doakotasuna 2024-2025eko ikasturterako
Gaur goizean aurkeztutako proposamenak 2025erako arau fiskaletan eraginen dituen aldaketak ere jasotzen ditu. Horietako lautan aldaketak egin dira, batez ere 6. arauan, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua egiteagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzkoan. Prezio publikoa hilabete amaieran ordainduko da, emandako zerbitzuari dagokion hilabetearen hurrengoaren barruan, eta ez lehen hamabost egunetan, orain arte bezala. 

Halaber, zenbait artikuluren idazketa moldatu da, zerbitzuaren berezitasunekin zerikusia duten alderdiak sartzeko errenta kalkulatzeari begira (PFEZeko laukien zenbakia sartzea edo Zerbitzuari Lotutako Prestazioaren zenbaketa baztertzea), bai eta arreta etxean emateko langileak kontratatzeko zein eguneko zentroetako egonaldiak kontratatzeko gastuekin lotutakoak kalkulatzeari begira ere, Nafarroako Autonomia eta Garapenerako Agentziaren laguntza jasotzen duten ala ez kontuan hartuta.

Horiez gain, 2. arauan, kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoei buruzkoan, Arantzadiko eta Sanduzelaiko udako denboraldirako sarreren eta abonamenduen prezioak biribildu dira, eskudirutan kobratzea errazteko. 9. arauaren xedapen iragankorrean doakotasuna bermatzen da 2024-2025eko ikasturterako, eta Udalaren haur-eskoletan 2025-2026ko ikasturtea ere doakoa izanen dela aipatzen da. 

Azkenik, 10. arauan, hezkuntza-, kultura-, kirol- eta gizarte-arloko edo osasuna sustatzeko ikastaro eta jardueretan sartzeagatik, izena emateagatik edo matrikulatzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzkoan, uretako jardueren tarifa aldatu da, eta % 30eko igoera sartu da, kontuan hartuta jarduera horien alderdi espezifikoek dakartzaten kostu gehigarriak, hala nola sorospen-zerbitzua, uraren tratamendua edo instalazio klimatizatuetan ura berotzea.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!