Buztintxuriko ikastetxe publikoak eskolarako bide seguruen sarea estreinatu du

Euskalerria Irratia 2024ko ira. 18a, 06:47

Buztintxuriko ikastetxe publikoko ikasleak, bide seguruak estreinatzen. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Ikasleek loreak landatu dituzte, bidean seinalatzeko. 2017an Iruñeko Udalak Amaiur ikastolarekin abiarazi zuen proiektua.

Eskolara oinez joatea da, seinaleztatutako bide seguruak erabiliz eta haurren autonomia eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatuz, Iruñeko Udalak Amaiur ikastolarekin batera 2017an hasi zuen Eskolarako Bide Seguruak proiektuaren helburua. Ikasturte honetan, Buztintxuri HLHIk bat egin du ekimenarekin. Hala, bertako hezkuntza-komunitateak hiru ibilbide seguru bultzatu ditu, auzoko, Artikako eta Euntzetxikiko ikasleak ikastetxera oinez modu seguruan joan ahal izan daitezen.

Buztintxuri HLHIren mugakide diren hainbat gune lotzen dituzten hiru bide horiek inauguratzeko, gaur goizean ikasleek, irakasleek eta gurasoen ordezkariek seinaleztatutako ibilbidean loreak eta landareak landatu dituzte. Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeko kideek ere bat egin dute hitzorduarekin. Ez alferrik, izan ere, Udalak egin ditu irisgarritasuna hobetzeko eta ikastetxeak berak proposatutako ibilbideak margotzeko lanak. 

Hain zuzen ere, Udalaren Eskolarako bide seguruak proiektuaren apustuetako bat ikastetxeekin eurekin koordinatzea da. Haiek proposatzen dizkiote Udalari oinezkoendako bide seguruen ibilbideak, egin beharreko hobekuntzak eta bideak ikastetxe bakoitzak aukeratzen duen ‘ikurraarekin' seinaleztatzea. Proposatutako ibilbideak bisitatu eta aztertu ondoren, Udalak beharrezkoak diren obrak egiten ditu eta ibilbideak seinaleztatu eta margotzen ditu. 2024. urterako aurreikuspenen arabera, Iruñeak 100.000 euro inbertituko ditu seinaleztapen-lanetan, trafikoa baretzeko lanetan eta ikastetxeetara joateko oinezkoendako ibilbideetan irisgarritasuna hobetzeko obretan. Buztintxuri HLHIz gain ( bertako bide seguruak martxan daude dagoeneko), Patxi Larrainzar ikastetxearekin eta Amaiur ikastolarekin ere lanean ari dira ibilbideak hobetu eta berritzeko, 2017an jarri baitziren martxan.

Buztintxuri HLHIren kasuan, hiru bide sortu dira ikastetxeko guraso elkarteak egindako proiektu batean oinarrituta. Horrela, 375 metroko ibilbide urdin bat sortu da Santa Luzia kaletik ikastetxeraino. Kolore gorria erabili da Artikaberriko plaza (María Domínguez kalean) ikastetxearekin lotzen duen 664 metroko ibilbidea markatzeko Santos Ochandategui kalean zehar. Eta kolore berdeak Euntzetxikitik abiatzen den ibilbide segurua bereizteko balio du. Ibilbide horrek 478 metro egiten ditu Gipuzkoa etorbidearen eta Francisco Javier Saiz de Olza kalearen arteko bidegurutzearen ondoan dagoen pasealekutik ikastetxera. Guztiek ikastetxera 20 minutu baino gutxiagoan iristeko aukera ematen dute.

Hiru ibilbide horien hasiera behar bezala markatu da, goian jarritako (kasuaren arabera kale-argi batean edo zutabe batean) ikastetxearen logotipoarekin (lau petalo dituen koloretako lore bat) eta lurrean margotutako txingoka jolas batekin. Ibilbide bakoitzean, bide zehatz hori identifikatzen duen kolorez margotu da lorea. Elkargune horretatik abiatuta, behar bezala seinaleztatutako ibilbide bati jarraituz eginen da egunero ikastetxerainoko ibilaldia. Gainera, ibilbideetan hainbat obra egin dira bide horiek erabiltzen dituzten haurren segurtasuna hobetzeko. Horrela, esaterako, oinezkoendako semaforoak berdez dauden denbora luzatu da, kuxin berlindarrak jarri dira bide seguruak zeharkatzen dituen bidegurutzeetan, eta oinezkoendako pasabideen eremua garbitu da, pasabideen ondoko aparkalekuak kenduta, hobeki ikusteko. 

Seguruak eta osasungarriak


Udalaren Eskola Bide Seguruen udal proiektuak eskolara oinez, patinetez edo bizikletaz haur gehiago joan daitezen sustatu nahi du, horrela txikitatik barnera ditzaten ohitura osasungarriak. Hala ere, ekimen horren helburuak ez dira horretara mugatzen. Oinez ibiltzeko ibilbideak bultzatuz, ibilgailuen zirkulazioa ere murriztu egiten da ikastetxe-inguruetan, karbono dioxido isuriak murriztu eta ikastetxeetako sarbideetan auto-ilarak eta arrisku-egoerak ezabatzen dira. Eta, gainera, haurren autonomia eta erantzukizuna bultzatzen da, eta, aldi berean, harreman sozialak eta adiskidetasunezkoak sortzen dira ibilbidea elkarrekin egiten duten haurren artean. Horrek guztiak adiskidetasuna eta autonomia sustatzen ditu, eta ikasleen egoera fisikoa eta psikikoa hobetzen ditu. 

Eskolarako bide seguruak abian jartzeko erabakia hartzeko harreman estua izaten da hezkuntza-komunitatearekin. Izan ere, ikastetxeak berak hartu behar du erabakia, haren inplikaziorik gabe ezinezkoa baita eskola-bideek arrakasta izatea. Beraz, haiek dira ekimenari bultzada ematen dioten “talde eragileak”. Beharra antzeman eta lankidetza planteatuta, ikastetxe bakoitzaren beharretara hobekien egokitzen diren bideak aztertzen dira. Ibilbide horiek seguruak izan behar dute oinezkoendako, oinez ibiltzeko leku atseginak, eta ikastetxera ahalik eta ibilbide zuzenena egin.

Eraginkorrak izan daitezen, ibilbideen iraupena hogei minututik beherakoa izan behar da oinez abiatzen den lekutik, eta, gainera, gutxienez tarteko puntu bat izan behar dute, inguruko beste puntu batzuetatik datozen pertsona gehiago ibilbidean sartu ahal izateko. Bideak behar bezala seinaleztatuta daude, bai elkargunean, bai ibilbidean zehar ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!