2024ko San Fermin Txiki festek dagoeneko beren kartelak dauzkate

Euskalerria Irratia 2024ko ira. 10a, 06:57

Irailaren 20tik 22ra ospatuko dituzte. Jai Batzordeak ez du ekitaldirik antolatuko gaueko 24:00etatik aurrera, auzokideei eragozpenik ez eragiteko, eta egitarauan ez da ordainpeko ekitaldirik izanen, ezta erlijiosorik ere.

2024ko San Fermin Txiki festek dagoeneko kartelak dauzkate. Atzo aurkeztu zituen Jai Batzordeak. Suziri, erraldoi, kiliki, zezentxoak, musika taldeak, Aldapako San Fermin eliza eta santua bera dira aurtengo San Fermin Txikiko jaiak iragartzen dituzten irudiak. Jaietako kartel lehiaketan irabazle suertatu diren bi lanetatik egiten dute: Adur Garralda Urizek, 15 urtetik beherakoen kategorian, eta Guratz Feliu Hipolitok eta Naia Beramendi Basabek, adin horretatik gorakoen kategorian.

Aurten, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketara 19 kartel aurkeztu dira, 5 helduen kategorian eta 14 afixa 15 urtetik beherakoan. Lan irabazleak sistema gurutzatu baten bidez aukeratu dira. Sistema gurutzatu horretan, 200 bat auzokidek parte hartu duten herri bozketa, aditu batzorde baten balorazioa eta Jai Batzordearen beraren balorazioaren arteko elkarketa egin da. Egindako proposamenengatik, helduen kategorian irabazle izan diren Guratzek eta Naiak 400 euro eskudirutan eta Santo Domingoko Merkatuan gastatzeko 50 euroko balea jasoko dituzte. Adurrek, 15 urtetik beherakoen kategorian irabazleak, jaietako egitarauan iragartzen diren auzoko edozein saltokitan erabili ahal izango duen 100 euroko balea jasoko du.

Jaiak birpentsatzen
San Fermin Txikiren antolaketaz, Alde Zaharreko kolektiboek eta bizilagunek osaturiko Jai Batzordea arduratzen da. “Erabat kontziente gara auzoak egunez egun jasaten duen presioaz, gehienak auzo bizitzatik kanpokoak diren ekitaldiez gainezka gaudelako eta espazio publikoa irabazi asmoko interes pribatuak elikatzeko erabiltzen delako”, azaldu dute agiri baten bitartez. Hori dela eta, azken hilabeteotan Jai Batzordeak hausnarketa eta eztabaida prozesu sakona egin du, “jai herrikoien papera eta hauek auzokideen ongizatearekin uztartzeko modua aztertzeko”.

Auzoko espazioa auzo bizitzatik kanpoko ekintzetarako etengabe erabiltzearen aurrean, Jai Batzordeak funtsezkotzat jotzen du Alde Zaharra bera, “egunez egun ehuntzen eta hazten jarraitzen duen eta auzo sentimendu handia duen komunitate antolatuaren espazio gisa aldarrikatzea”. Horretarako, beste hainbat elementurekin batera, “ezinbestekoa da jai eta kultura antolaketa propioa, komunitarioa eta herrikoia bultzatzea”. Baita, beti auzokideenganako zainketatik bultzatzea jai hauek. Horregatik Jai Batzordeak San Fermin Txikin antolatzen dituen jarduerak bideratzen dituen irizpide batzuk adostu ditu, aurten bertan indarrean jarri direnak. Hala, gidalerro berrien arabera, Jai Batzordeak ez du kaleko jarduerarik antolatuko 24:00etatik aurrera; musika emanaldiek gehienez hiru orduko iraupena izango dute; kale estuetan eta eremu saturatuetan soinu inpaktua duten jarduerak saihestuko dira; edota programan soilik izaera laikoa eta doakoa duten ekitaldiak sartuko dira, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!