Sarasaten izan dira gaur Joseba Asiron alkatea, zenbait zinegotzi eta baita pasealekua eraberritzeko hautatutako bost talde erredaktoreak ere lehen bilera teknikoa egin ostean. Urrian aurkeztuko dituzte mahai gainean dauden bost proposamenak eta gaur egin dute eremuaren bisita bertatik bertara ezagutzeko espazioaren egoera eta zeintzuk diren kontuan hartzeko elementu nagusiak. Asironen arabera, bi dira kontuan hartzeko nagusiak, irisgarritasuna eta ingurumena.
Alkateak ziurtatu du Sarasate pasealekua birgaitzeko proiektuan "zuhaitzak kontserbatzea funtsezkoa eta ukaezina" dela. Eta ideien lehiaketako talde irabazleek ildo horretan "trabarik" jarri ez dutela ziurtatu du.
Badira proiektua baldintzatzen duten eta bai ala bai mantendu beharreko beste elementu zenbait. Izan ere foruen monumentua eta Parlamentua daude pasealekuaren alde bietan. Hala ere, alkateak nabarmendu du antzeko proiektuak gauzatu dituztela hautatutako taldeek eta haien profesionaltasuna ere azpimarratu du. Hartara, aurreikusitako epeak betetzea espero du udalak.
Urrian aurkeztuko dira bost proiektuak, behin proposamen irabazlea zehaztuta, lau hilabetean proiektua behin betiko idatziko dute eta printzipioz, obrak 2025eko Sanferminen ondoren hasiko dira. Sarasate pasealekua eraberritzeko aurreikusitako aurrekontua 10,2 milioi eurokoa da, eta horietatik bi milioi Iruñerriko Mankomunitateak jarriko ditu ondoko kaleetako hornidura eta saneamendu-sareak berritzeko.